Ezarian. Zientzia. Iritzia

Saio gehiago behar

2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Aurreko astean plazaraturiko Opera esperimentua zientzialari bikainek egindako saiakuntza arretatsua dugu, serioski kontuan hartu behar duguna. Detektatu dituzten muoi neutrinoen abiaduraren neurketa eginda, abiadura hori argiarena baino pixka bat handiagoa dela ondorioztatu dute. Emaitza hori ez dator bat duela 20 urte inguru Magellanesen hodeietan supernoba bat behatu zenean egindako neurketekin, elektroi neutrinoak argia baino pixka bat beranduxeago heldu baitziren.

Neutrinoak benetan argiarena baino abiadura handiagoan higitzen diren baieztatu ahal izateko, esperimentu gehiago egin behar dira, zalantza izpirik gabe; eta baieztatuko balitz, ulertu beharko genuke zergatik baldintza jakin batzuetan hori gertatzen den. Argiarena baino abiadura handiagoa duten partikulak gure eskura egoteak kausalitatearekin bat ez datozen egoeretara eraman gintzake, eta hori ezinezkoa da. Iraganaldirako bidaiak egiteko aukerarik ez dago, ez eta egongo ere.

Einsteinen erlatibitatearen teoria hankaz gora jarriko ote den galdetzen dute batzuek. Teoria hori zuzena da frogatua dagoen eremuan, eta eremu horretan zuzena izaten jarraituko du, Newtonen teoria ez-erlatibistak frogatua zegoen eremuan (argiarenaren aldean oso abiadura txikian higitzen diren partikulen kasuan alegia) zuzena izaten jarraitzen duen bezalaxe. Einsteinena baino teoria osatuagoak garatuko dira agian, une honetan ulertezinak diren fenomenoak deskribatuko dituztenak, baina hori ez da arazoa. Einsteinen teoria arriskuan dagoela esaterik ez dago. Ez naiz ni energia handiko Fisikan aditua; Barcelonako Unibertsitateko katedradun Jose Ignacio Latorrek, Fisikaren arlo horretan adituak, hitzaldi bat emango du urriaren 5ean Donostiako hirian, Donostia International Physics Centerrek antolatua; hitzaldiaren izenburua hauxe izango da: Neutrinoak: Einstein, segurutik, zuzen zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.