Hego Euskal Herriko errugbiaren gorakada

Getxoko harribitxiaren oroitzapenak

Javier Diaz Paternain Getxoko jokalaria izan zen 90eko hamarkadan. Garairik onenak zelaian bertan bizi ondoren, beste ikuspuntu batetik aztertu du egungo errugbiaren egoera.

Donostia
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Errugbiaren gozoena ezagutu zuen. 90eko hamarkada zen, eta bera Getxo Arteako jokalari mitiko bat. Gehienentzat kirol ezezaguna zen errugbia orduan. Afizio hutsagatik, lagun artean jokatzen zuten gehienek. Javier Diaz Paternainek ere bai (Algorta, Bizkaia, 1960). Pixkanaka-pixkanaka, baina, bere bizitzako ezinbesteko jarduera bihurtu zen. 90eko hamarkadan Getxo Arteak goia jo zuen. Taldearen arrakasta handienak iritsi ziren. Eta Diaz Paternain horren guztiaren parte izan zen. Nahi gabe, Getxo Artearen historia idatzi zuen. Nahi gabe, kirola egitea baino zerbait gehiago bihurtu zen errugbia beretzat.

Urte batzuk igaro dira Diaz Paternainek errugbia jokatzeari utzi zionetik. «Ez dut ondo gogoratzen. Oso txarra naiz datak gogoratzeko, baina hamar bat urte izango dira». Harrezkeroztik, egunero sumatu du haren falta. «Esanahi izugarria izan du nire bizitzan errugbiak. Faltan sumatzen dut oraindik. Egunero-egunero». Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere errugbi jokalari bikaina izan zen. Ezagutza handikoa. 18 urte besterik ez zituela, hots egin zioten lehen aldiz Espainiako selekziokoek. Bere bihotzeko taldearekin lortu ditu, ordea, lorpenik handienak. Espainiako Ohorezko Liga bat eta hiru Espainiako Kopa, Euskal Herriko txapelketak... Asko eman dio errugbiak. Hala aitortu du berak ere. «Inoiz ahaztuko ez ditudan uneak izan nituen. 90eko hamarkadan batez ere. Herri guztiak babestu zuen proiektu hura. Izugarria izan zen. Herriaren eta taldearen arteko harremana oso estua zen. Herriko lagun kuadrillak elkartu ginen errugbian jokatzeko, eta, hala, pixkanaka-pixkanaka…». Pixkanaka-pixkanaka zerbait serioagoa bihurtu zen hasierako denbora-pasa. Hasierako afizio hura. Pixkanaka, profesionalen pare jokatzen hasi ziren. Eta, pixkanaka, tituluak irabazi zituzten. Bizitako momentu haiek ahaztezinak dira orain.

Azken hamarkadan errugbiak izan duen beherakada amaitu dela uste du. Horren adierazgarri nabarmenena da Hego Euskal Herriko hiru euskal taldeak, Ordiziak, Gernikak eta Getxo Arteak, Espainiako Ohorezko Ligako azken faseko finalerdiak jokatuko dituztela datorren asteburuan. Ordiziak, gainera, Espainiako Kopa irabazi berri du. «Oso berri ona da», Diaz Paternainen arabera. «Ea komunikabideetan gehiago nabaritzen den. Asko lagunduko luke gazteak errugbian hasteko orduan. Izan ere, talderik onenak atzerriko jokalariengatik dira onak. Ez dute harrobia lantzen. Eta harrobia landu gabe, ez dago etorkizunik. Etxeko jokalariekin jokatu behar da, ahal bada. Are eta gehiago, egun dugun krisiarekin». Ez zaio arrazoirik falta. Azken urteetako ligak ekonomikoki indartsuenak izan diren taldeek irabazi dituzte. «El Salvador, La Vila… diru asko zeukaten eta fitxaketa garestiak egin zitzaketen. Gainontzekoek, berriz, etxeko jokalariekin moldatu behar izan dute. Ezinezkoa da haientzat profesional horien aurka borrokatzea». Urte batzuk joan diren arren, errugbiari lotuta jarraitzen du Diaz Paternainek. «Hori ez da inoiz uzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.