Kritika. Opera

Denentzat gustagarri

2011ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
'Lucia de Lammermoor'

Eszena zuzendaria: Emilio Sagi.

Orkestra zuzendaria: Carlo Montanaro. Lekua: Euskalduna jauregia. Eguna: maiatzak 14.

Bai Bilboko erromantikoentzat zein publiko ororentzat, denon gustukoa izan da OLBEk denboraldiaren bukaerarako Oviedotik ekarri digun Lucia de Lammermoor-en ekoizpena. Izan ere, abeslari protagonistak goi mailan egon dira, baina zalantzarik gabe lan gehien egin duena Diana Damrau sopranoa izan da Lucia pertsonaia traizionatuaren rolean. Soprano liriko-arin honek bel cantoaren teknikatik aparte, adierazkortasuna azaldu zuen hasierako Regnava cantabile-tik eta batez ere eromenaren eszena gogorrean. Azken luze honetan biderkatu zituen operan zehar haizatutako dohainak: tinbre ezberdineko legati, indar espresiboak, mesa di voce, afinazio txukuna, coloraturak, paregabeko ahotsa erregistro desberdinetan, arnasketa eta partituratik gora eman zituen bi agudo distiratsuak... Zer esanik ez, opera zaleen txaloaldirik luzeena eraman zuen.

Pareko kalitatea, baina epe laburragoan erakutsi zuen Michael Fabiano tenorrak Edgardo maitale frustratuaren rolean. Tinbre oneko ahots sendoa eta morbidoa, filado bikainak, arintasuna, indarra eta espresibidadearen bertuteak erakutsi zituen tenor lirikoak. Oso maila onean egon zen Ludovic Tezier baritonoa ere, gaizkile nagusiaren rolean: ahots atseginaren bitartez, malgutasuna eta indarra azaldu zituen, eta trebeziaz aritu zen gurguiluetan, agudoetan eta arnasketan. Simon Orfila baxuak ez zuen oker egin gainontzeko lagunen onbidea eta ziurtasuna eta biribiltasuna agertu zuen Raimondo apaizaren rolean. Francisco Corujo tenorra, Maria Jose Suarez mezzoa eta Manuel de Diego tenorra ondo egon ziren haien abestaldietan.

Musika lanetan Carlo Montanaro maisuak azertuz kontzertatu zituen, erritmoz zein adierazkortasunez, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko musikariak, abeslari bakarlariak eta Bilboko Opera Abesbatzakoak, hauek ere primeran egonik. Emilio Sagi eszena zuzendariak hustu egin zuen eszenatokia, giro fantasmagorikoez, argilun erromantikoez, argiztapen egokiez eta jantzi dotoreez bete zedin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.