Olatz Beobide. 'Goenkale'-ko zuzendaria

«Fikzioaren alde apustu egin beharko litzateke, jakinda emaitza ona dela»

urtzi urkizu
Donostia
2013ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Bosgarren urtea du telesaila zuzentzen Olatz Beobidek (Donostia, 1964).

Zer moduz doa denboraldia Goenkale-n?

Arrakastatsu doa. Ez bakarrik ikusle datuengatik, baizik eta jendea galdezka eta galdezka daukagulako. Jendea harrapatzen du telesailak, pertsonaiekin eta istorioekin inplikatuta daude ikusleak. Horrek ematen du neurria.

Gau batzuetan, 13-24 urte bitarteko gazteen artean liderra izan da telesaila. Nola baloratzen duzu lorpena?

Iruditzen zait oso pozgarria dela euskarazko kate batek hori lortzea, kontuan izanda gazteek zenbat eskaintza dituzten ikusteko eta entzuteko. Euskarazko aukeraketa bat egitea oso ona da. Eta entretenitzen badira, Goenkale-k funtzionatzen duen seinale. Gure saioa indartzen du horrek.

Euskaldunen artean ere lehen aukera izatea lortu izan du dozenaka kateren artean. Nahikoa aitortzen zaio hori Goenkale-ri?

Ez dakit nahikoa aitortzen den, baina satisfakzioa ematen du. Luxu bat da milaka pertsonarengana iristea. Bestalde, esan nahiko nuke gure herriko edozein bertsolarik, idazlek eta sortzailek aukera duela Goenkale-n aipatua izateko. Pertsonaiek esaten dutenean Kilometrotara edo beste jai batera doazela, ikusleek hori gurekin konpartitzen dute. Fikzioa egiteaz gain, errealitatearen inguruko keinuak egin ditzazkegu.

Udaberrian amaituko dituzue denboraldi honetako grabaketak. Hainbat hilabetez platoak hutsik geldituko dira. Ez al da etsigarria?

Bai, dudarik gabe. Euskaldunoi euskarazko fikzioa ikustea gustatzen zaigu. EITBn aldaketa datorrenez, hausnarketa egin beharko lukete arduradunek horren inguruan. Fikzioaren sektorearen alde apustu egin beharko litzateke, jakinda emaitza ona dela.

Utziko al zenuke zuzendaritza beste pertsonaia bat egiteko?

Duela zortzi urte Juneren rola jokatu nuen, eta asko gozatu nuen. Baina profesional gisa oso gustura nago zuzendaritzan, erronka den bitartean eta ikasten jarraitzen dudan bitartean. Maratoi bat bezalakoa da Goenkale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.