Venezuela. Presidentetzarako hauteskundeak

«Zuk agindutakoa zehatz-mehatz beteko dut, komandante»

Hugo Chavezen urteetako agintaldia gogoan izan du Madurok: «Ez dugu ahaztu behar nola geunden lehen, eta nola gauden orain»Hilketak gutxitzea jarri du helburu nagusi: «Segurtasunaren presidentea izango naiz»

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Caracas
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Hauteskundeok Hugo Chavezek irabaziko ditu, garaipena PSUV berekoalizioarena bada. Ez dago zalantzan jartzerik. Venezuelan haren jarraitzaileek etengabe zin egiten diote Nicolas Madurori emango diotela botoa, berak eskatu bezala. Kanpaina amaieran ere erabatekoa izan da komandantearen presentzia, bai Maduroren hitzaldi nagusian, baita herritarren artean ere. «Nork berreskuratu zuen aberri hau? Nork eman zigun duintasuna?». Hitz horiekin hasi zuen Madurok herritarren martxa jendetsuaren hitzaldia, kanpainako azkena.

Nonahi dago Chavez, irudietan, hitzetan, oroitzapenean. Martxa erraldoian ere bai. Zenbat malko harengatik. Herritarrei hitz egin izan die hark, zuzenean,oso maiz, berdin telebistaz, edo ospitale bat ireki izan duenean, bertatik bertara, euretako bat balitz bezala, baina era berean jainkotua dago, gizatasun ezohiko batek eman dio jainkotasuna, eta Venezuelan asko oso sinestunak direnez, hor nonbaitetik, egiten dutena zaintzen jarraitzen duela uste dute. Harrigarria da haiengan duen eragina. Bizitza hobeto doakie asko eta askori, pobreenei bereziki, eta horren zergatia ez ahazteko Madurok prozesu osoa ekarri du gogora azken mitinean.

«Memoria ahula izaten dugu, traizioa egiten digu, baina ez dugu inoiz ahaztu behar nola geunden lehen eta nola gauden orain, berari eskerrak». Chavezek bizkartzain jarri zuen Maduro, 1992an estatu kolpea ematen saiatu eta espetxetik atera ondoren. Harrezkero, bidea elkarrekin egin dute. Gogoan du Chavezek 1998an presidentetzarako hautagaitza aurkeztea pentsatu zuela esan zionekoa. 1997an Valentzian 500 ordezkari elkartu ziren, eta gogoeta luze baten ondoren aho batez onartu zuten Chavez hautagai izateko. «Kalera atera ginen jendearekin egotera, herrialde osoan ibili ginen, eta burgesiak barre egiten zigun».

1998ko urtarrilean inkestek botoen %10 ematen zioten; martxoan %25, maiatzean %30, eta uztailean %45. «Chavezen hautagaitza geldiezina zen ordurako». Oposizioaren indarraz ere aritu da Maduro: «Orduan ere gerra zikina egin zuten haren aurka. Ekonomia suntsituko zuela esaten zuten, baina abenduaren 6an herri zoragarri honek bera aukeratu zuen. Hor hasi zen bidea».

Begiratua eginez herritarrek onartu zuten konstituzioari egin dio tartea: «Oposizioak ezezkoa eman zion horri, baina lehen aldiz Venezuelako historian herritarrek onartutako konstituzioa daukagu». Harrigarriki, kaleko jendeak zehatz-mehatz ezagutzen du han dioena. Konstituzioaren prozesu osoa egin zutenak dira orain gobernuan daudenetako asko, tartean Diosdado Cabello eta Elias Jaua, horregatik ziurtatu duprozesuak aurrera egingo duela berarekin. «Chavezen ondoan izan ginen prozesu guztian».

Etorkizunari begira Madurok egin nahi dituenak ere Chavezek zeuzkan planekin daude loturik, 2013-2019 Aberriaren Programarekin. Segurtasuna izango du erronka nagusietako bat, hilketa kopurua 100.000 biztanletik 73 izan ziren iaz, eguneko, aspaldiko handiena, baina mekanismo guztiak agindu ditu hori amaitzeko: «Segurtasunaren presidentea izango naiz».

Ustelkeria da beste lehentasunetako bat, petrolioaren inguruan aberasten ari baitira gobernuarentzat edota harekin lan egiten dutenetarik asko. Jarduera instituzionalean ere traba handiak jartzen ditu eroskeriak, eta tramite burokratikoetan galtzen dira maiz proiektuak. «Zuk agindutakoa zehatz-mehatz beteko dut, komandante. Gaizki zegoena hobetzeko agindu zenidan, eta hala egingo dugu». Langileen soldata igoera, argindar mozketak, eta mikromisioak izango ditu beste zereginetako batzuk, «baina hori dena ezin da zuen parte hartzerik gabe egin».

Trantzean

«Hamar milioi txori aske bezala, libre dago hegan bere arima». Chavez txori bilakatuta agertu zitzaioneko pasarteari zukua ateratzen ari da Maduro. Barregarri geratu zen, txantxak egin dizkiote esandakoengatik, baina bere alde jarri du.

Hamar milioi boto eskuratzeko erronka du. 19 milioitik gora daude bozkatzera deituak. Martxan bi milioi inguru egon zirela kalkulatu dute, eta horiek behintzat itsu-itsuan joango dira. Gertutik ikusi behar da benetan konturatzeko jendeak zer-nolako pasioarekin erantzuten duen horrelako hitzorduetara, trantzean bezala batzuk, indar mistiko batek erakarrita bezala.

Barinas estatutik etorri da autobusez Jennifer Lopez. Gaztea da. Ikaslea. Eta ez du gogoan Chavezen aurreko garaia. «1998an 4 urte nituen». Lehen aldiz emango du botoa, eta «irrikan» dago, «iraultzari ekarpena» egiteko. Datorren ikasturtean unibertsitatean sartuko da. «Mediku izan nahi dut». Dantzan egon da Maduroren zain, orduak egin ditu itxaroten, ibilbidean jarri dituzten hamaika oholtzetako baten aurrean.

Anzoategui estatutik iritsi da Luis Pablo Muriel. Hiruzpalau martxatara etorria da Caracasera, eta etortzen den bakoitzean indarrez betea joaten dela aitortzen du. «Lanean jarraitzeko gogoa berpizten dit». Irakaslea da bera. Ez da dena horren ona, eta kritikak asko dira prozesuaren barruan. Muriel kritikoetako bat da. «Asko dago hobetzeko. Askotan,zerbait lortzera joan instituzioetara, eta ezinezkoa da behar dena luzaro itxaron gabe lortzea; baina Madurok badaki, Chavezek bazekien bezala, horiek konpondu behar direla. Konfiantza botoa emango diot nik».

Maria Lourdes Beltran, Caracas bertakoa da. Bezperan atera ziren martxara. «Gure Chavezek hau baino gehiago merezi du. Guretzat ohorea da hemen egotea». Hori esan bezain laster malkoak atera zaizkio. Edadetua da bera,«urte asko» dauzka. Chavezen aurreko garaiak gogorrak zirela izan du gogoan. Sei umeren ama da, eta eskean ibiltzea ere egokitu zitzaion garai zailenetan. «Kaleetatik ostikoka bota izan naute».

2002ko estatu kolpeak ere harrapatu zuen, eta telebistatik ikusi zituen gertaerak. «Ez nintzen kalera atera Chavez itzuli zela esan zuten arte. A ze poza hartu nuena!».

Estatu kolpea gai errekurrentea izan da chavistentzat. Hain justu martxaren egunean bete dira 11 urte, eta Madurok Chavez nola bahitu zuten ekarri zuen gogora: «Oraingo eskuinak hartu zuen preso, ez dezagun ahantz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.