Aurkikuntza Bastidan

EHUko arkeologia talde batek eginiko indusketak Bastidako gazteluari buruzko datu berriak utzi ditu agerian: XIX. mendeko gotorleku militar bat aurkitu dute.
Bi egunez gotorleku militarra ezagutzeko aukera izan da bisita gidatuei esker.
Bi egunez gotorleku militarra ezagutzeko aukera izan da bisita gidatuei esker. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Nerea Reparaz -

2013ko abuztuak 22
Bastidako (Araba) gazteluan egindako azken indusketek XIX. mendeko esparru militar bat utzi dute agerian. EHUko Ondare eta Paisaia Kulturalen Departamentuko lantalde batek egin ditu indusketa lanak. Uztailaren erdialdean hasi eta abuztura arte iraun du ikerketa arkeologikoak. Juan Antonio Quiros arkeologoak zuzenduriko taldeak argitu du lurpean urteak daramatzan gotorleku militarra gazteluaren okupazioaren azken fasean eraikia izan zela. Aste honetan aztarnak ikusteko bisitak egin dituzte.

Ebroko ibarra kontrolatzen zuen gotorleku militarra izan zela dio ikerketa taldeak, aurkitutako materialak aztertu ostean. «Hilabete honetan egindako lanen balorazio ona egin dugu. Espero ez genituen gauzak aurkitu ditugu bertan», dio Juan Antonio Quirosek, EHUko arkeologo taldeko kideak. Indusketa lanak Arabako Foru Aldundiak finantzatu ditu. Euskal Herriko Unibertsitateak azaldu duenez, indusketa lanak zatika egin dira. Antzinako gotorleku militarra XIX. mendean Bastidan eta inguruetan izan ziren zenbait batailatan erabili zuten.

Indusketak iraun duen hilabetean, datu esanguratsuak argitzen lagundu duten material ugari aurkitu dute. Besteak beste, Napoleonen garaiko botoi bat. Aurkikuntza horri esker, gaztelua Gasteizko guduan hartua izan zela ondorioztatu dute arkeologoek. Hala ere, gazteluari buruzko aipamena egiten duten lehen dokumentuak 1838. urtekoak dira. Egindako ikerketen arabera, aurkitu berri duten gotorleku militarra lehenengo eta hirugarren gerra karlistan erabilia izan zen. Horren isla dira aurkitu dituzten txanpoi, munizio eta uniforme zaharrak.

Bastidako aurkikuntza Araban egindako beste ikerketa batzuen parte dela dio EHUko taldeak. Indusketa guztien bidez aurkitu dituzten datuek lurraldean jazo ziren gatazken berri ematen dutela esan dute. Antzinako txanponez eta beste metal batzuez gain, material bioarkeologikoak ere aurkitu dituzte esparru militarrean. Landare eta janari hondarrak, besteak beste. Material horien bidez, garai hartan gotorleku militarrean izan ziren pertsonak nola elikatzen ziren eta nola bizi ziren ezagutzeko aukera izango da.

Erdi Aroko gaztelua

Bastidan gaztelu bat bazegoela adierazten duten lehen datuak 1370. urteko Erdi Aroko dokumentu batek argitaratzen ditu. Dokumentu horren bitartez jakin zen Henrike II. Gaztelako erregeak Bastidako jaurerria eman ziola Diego Gomez Sarmientori, Salinasko lehen kondeari. Hala ere, gaztelua uste baino zaharragoa izan daitekeela diote gaian adituek. Izan ere, gaztelua inguratzen duen mendixkan Kristo Sainduaren eliza dago. Eraikin hori Bastidako lehenengo eliza da eta goi Erdi Aroan eraiki zuten.

Unibertsitateak aztarnategian eginiko lehenengo indusketa lanak iaz ezagutarazi zituen. Horri esker jakin zen gazteluaren mendiko hegalean antzinako harresiak zeudela. Azken hilabetean gazteluaren inguruan egin dituzten indusketetan, Erdi Aroko esparru bat aurkitu dute.

Aztarnategiko zati esanguratsu bat suntsitzeak esparruaren nolakotasuna eta morfologiaren inguruko datuak ezagutzea oztopatu du. Bi egunean, bisita gidatuak antolatu ditu Arabako Foru Aldundiak aztarnategian zehar, gotorleku militarra hara joan direnei erakusteko. Bisita gidatuetan, indusketen lantaldean parte hartu duen arkeologo batek eta Quirosek eman zituzten azalpenak gainontzekoen begiradapean. «Arrakasta handia izan dute bisita gidatuek. Adin guztietako jendea bertaratu da. 100 pertsonako taldeak ere izan ditugu», dio Quirosek. Bastida helmuga turistiko bilakatzen da udan; hori dela eta, atzerriko jendea ere bildu da bisita gidatuetan parte hartzera. «Gehiengoa, hala ere, Bastidako herritarrak ziren, euren jatorriari buruzko datuak ezagutu nahian», dio Quirosek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna