Burdinola zaharrari begira

XVIII. mendeko Eugiko munizio fabrikaren aztarnak ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen dituzte hainbat arkeologok. Bestalde, garaiko etxe, bide eta lantegiak lehengoratzen ari dira herritarrak.

Eugiko lantegia 1766an eraiki zuten, eta 1794ra arte egon zen martxan; gaur egun, aztarnak ikus daitezke. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Eugi
2013ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Fabrika zahar baten aztarnak ezkutatzen ditu Eugiko pagopeak (Nafarroa). Izan ere, munizio lantegi bat egon zen han XVIII. mendean. Egun, garai bateko burdinolak, biltegiak eta zubiak baino ez dira geratzen. Hala ere, Eugiko Udalbatzaren ekimenez, fabrikako aztarnak lehengoratzen ari dira Esteribar ibarreko gazteak, hainbat arkeologoren gidaritzapean. Orain, aztarnategia ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte, dohainik eta nahi duenarentzat.

Ikustaldiak irauten duen bi ordu eskasetan, fabrikaren historia ezagut dezake bisitariak. Nor bere kabuz joatea ere posible da. Izan ere, informazio taulek azaltzen dute espazio bakoitza. Txangoek arrakasta «handia» izan dute, Ana Carmen Sanchez arkeologoaren arabera.

Metalgintzan tradizio handia dauka Eugik. XVI. mendean eraiki zuten hango lehen burdinola, eta orduz geroztik, burdina lantzeko hainbat lantegi egon dira. Sanchezek azaldu du Esteribarko ingurua oso egokia dela burdingintzarako: «Burdin meategiak daude; ura, energia lortzeko; zuhaitzak, erregai begetala egiteko; eta magnesita, ezinbesteko mineral bat».

Inguruaren egokitasunari esker, Eugiko munizio fabrika garaiko handienetako bat izan zen. «Garapen eta ikerketa gunea izan zen»; han aurkitutako berrikuntzak gainontzeko burdinoletan aplikatu zituzten. Eugiko lantegia 1766an eraiki zuten, eta 1794ra arte egon zen martxan; Konbentzio gerran suntsitu zuten arte. Bitarte horretan, 500 lagun inguru bizi izan ziren fabrikaren eremuan; 10.000 metro koadroko eremua zen. Langileek herrixka txiki bat sortu zuten: medikua, eliza, eskola, ostatua, denda... handik atera gabe bizi ahal izateko beharrezko zerbitzu guztiak zeuzkaten. Egun, zundatze lanak egiten dituzte eraikin horien egiturak aurkitzeko. «Orain, ikatz biltegi, tailer eta etxebizitzen aztarnak garbitzen ari gara», esan du Sanchezek. Bisita gidatuetan, aztarna horiek guztiak ikus daitezke. Horrez gain, munizioa ere aurkitu dute indusketetan. Fabrikan balak egiten zituzten, kanoi balak, gehienbat. Bala horietako batzuk dira harri eta lur artean topatu dituztenak.

Ondarea zaindu beharra

Lantegiak eragin handia izan zuen eugitarren bizimoduan; asko izan ziren fabrika inguruko etxebizitzetara joan ziren familiak. Horretaz aparte, burdina gertuko herrietan baino gehiago erabili zuten Eugin. Adibidez, ohikoa zen eugitarrek ibaian balak aurkitzea. Mamia egiteko orduan, bala horiek sutan jarri eta gero esnetan sartzen zituzten, berotzeko. Burdina oso presente zegoen garaiko egunerokotasunean.

Sanchez kontent dago indusketaren emaitzarekin, baita ibilbideekin ere. Halere, kexu da ondare historikoa gutxi zaintzen dela eta: «Aztarnen suntsiketa uste baino berriagoa da». Munizio fabrikaren kasuan, XX. mendera arte zutik egon ziren eraikinak. 30eko hamarkadan, baina, pagoak landatu zituzten mendi magalean, eta fabrikaren ingurua hartu zuten. Bestalde, 70eko hamarkadan, aztarnategiaren erdigunea zeharkatuz eraiki zuten NA-138 errepidea. Horrela, obra eta utzikeria tarteko, abandonatuta egon zen lantegia, aurreko urtean indusketa hasi arte.

Eugitik zortzi kilometrora dago fabrika, NA-138 errepidean gora eginda, Urepelera bidean (Nafarroa Beherea). Bihurgune ugariko errepidea hartu, eta bertan dago aztarnategia. Inguruan, adreiluak eta eraikinen arrastoak ikusten dira nonahi. Bisita gidatuak asteazkenean egiten dituzte; 10:00etan hasten dira, eta bi ordu inguru irauten dute. Bisita egiteko, aldez aurretik eman behar da izena [email protected] helbidean.

Bisitaz gain, munizio fabrikari buruzko informazio gehiago aurki daiteke Eugiko erreferentzia etxean. Besteak beste, argazki zaharrak, munizioa eta garaiko bizimoduari buruzko datuak. Herrian bertan dago, eta goizez eta arratsaldez irekitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.