Flandriarrak, etxean bezala

Flandriako Boardx agentziaren bidez, uztailetik irailera bitarte mila turistatik gora hartu ditu Zarauzko kanpalekuak. Surfean ikastea eta Euskal Herria ezagutzea dute helburu.

Luzean, ehun metroko baino gehiagoko tokia dute. Eta denetarik dute: taberna, egongela, sukaldea, jolas parkea, eta abar. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Zarautz
2013ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Zuhaitz artean eta hondartzatik bi pausora. «Ametsetako tokian» dute bigarren bizilekua ehunka flandriarrek. Bai, behintzat, uda sasoian. Flandriako Boardx bidaia agentziaren bidez, hainbat eta hainbat gazte etortzen dira urtero Zarauzko kanpalekura (Gipuzkoa), eta, aurten ere, ez dira gutxi izan: joan den uztailean hasi eta irailaren 22ra bitarte, 1.080 flandriarrek bisitatu dute Euskal Herria. «Hamabi urte daramatzagu enpresan Zarautzerako bidaiak antolatzen. Flandrian sekulako izena hartu du gure enpresak Zarautzi esker, guztiek etorri nahi izaten baitute», adierazi du Boardx agentziako kide Eduardo Jiangek.

Ez dute ezeren faltarik kanpalekuan. Luzean, ehun metro inguruko tokia dute, eta turistek denetarik aurkitu dezakete: lo egiteko kanpinak, sukaldea, taberna, komunak, egongela, jolasteko parkea... «Agentziako kideok urtean lau hilabete ematen ditugu hemen, eta guztia bikain prestaturik edukitzen dugu. Astean 150 bat lagun hartzeko tokia dugu». Astebete igarota, txandakatu egiten dituzte taldeak. «Larunbatero ehundik gora flandriar ekartzen ditugu autobusean, eta, astebete pasata, beste talde bat hartzen dugu».

Kirolari zuzenki lotutako agentzia da Boardx; beraz, kirola maite duten bezeroak lehenesten dituztela nabarmendu du Jiangek: «Lehenengo urtean bertan jabetu ginen surfari lotutako herria dela Zarautz. Horregatik otu zitzaigun halako bidaiak antolatzea. Goizero surf ikastaroak ematen ditugu, eta irristailuarekin ibiltzeko pistak ere baditugu». Horrez gain, paint ball eta halako jokoetan ere parte hartzen dute. «Izan ere, hainbat tokitan beherapenak egiten dizkigute, eta baliatu egiten ditugu». Zarauzko denda eta taberna askotan ere beherapenak izaten dituzte. «Pukas izeneko surf dendan ere bai».

Bistan denez, Boardx enpresa eta kirola eskutik helduta daude. Dena den, kirola egiteko gogorik izaten ez dutenek ere zer eginik badutela adierazi du Jiangek, denetariko jarduerak antolatzen saiatzen baitira. «Donostiara edota Bilbora sarri joaten gara, flandriarrei izugarri gustatzen baitzaie tokiak ezagutzea». Euskal Herriko gastronomiari ere ez diete muzin egiten. «Astero sagardotegiren batera joateko ohitura daukagu. Sagardoa edatea zein txuleta jatea oso gustuko dugu».

Normalean, eguneroko gidoia berbera izaten da: goizak kirola egiteko eta ikastaroak egiteko baliatzen dituzte, eta arratsaldeetan bestelakoak izaten dira planak. «Karta eta bideo jokoen txapelketak, dantza ikastaroak eta abar egiten ditugu. Normalean, jendea kanpalekuan bertan edukitzen saiatzen gara. Izan ere, arratsaldeetan beteago egoten dira Zarauzko kaleak eta hondartza, eta herritarrak lasaiago uzten saiatzen gara». Herrira jaitsi nahi badute, gaua heldu arte itxaron behar izaten dute. «Tarteka kanpalekuko tabernan egiten dugu festa, baina herrira ere askotan joaten gara. Marea Gora taberna oso gustuko dugu».

Eguneko ordu denak ahalik eta ongiena probesten saiatzen direla adierazi du Jiangek, eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa dute. «Euskal Herria leku zoragarria da, flandriarrak izugarri pozik etortzen dira, eta Boardx enpresan hala jarraitu nahi genuke». Hori bai, azken urteetan gero eta eskaera handiagoa izan dute, eta muga bat jartzea pentsatuta dute. «Oraingoz, hamasei begirale ditugu, eta jende gehiago ezin dugu hartu. Neurria hartu beharrean gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.