Jaume Ventura. Col·lectiu Wilsoneko kidea

«Unea heltzen denean, nori ez zaio interesatuko Katalunia Europan egotea?»

Katalunia independente bat ekonomikoki bideragarria den edo ez eta Europako Batasunean jarraitzeak zer esan nahi duen, eztabaida horretako desinformazioa argitzeko elkartu dira sei katedradun.

S. VELTE.
Samara Velte.
Bartzelona
2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Katalunia independente baten bideragarritasun ekonomikoari buruzko «desinformazioak» kezkatuta, ekonomiako sei katedradun katalanek Colálectiu Wilson taldea osatu dute. Jaume Ventura Pompeu i Fabra Unibertsitateko irakaslea da haietako bat. Webgune batean argitaratzen dituzte gai horri buruzko artikulu eta komunikatuak. Helburua, Venturaren hitzetan, herritarrak informatzea da; erabakitzeko unea iristen denean jakin dezaten zer dagoen jokoan: «Batzuk asko ordaintzeko prest daude Espainiatik irtetearren, eta beste batzuk, gelditzearren. Garrantzitsua da guztiek jakitea zenbat kostatuko zaien bata eta zenbat bestea».

Katalunia independente bat EB Europako Batasunetik kanpo geldituko litzatekeela diote burujabetzaren aurkakoek. Hori auziaren interpretazio okerra egitea dela diozue.

Unea heltzen denean, erabakia politikoa izango da. Kataluniak 27 urte daramatza Europaren barruan; Espainiak bezainbeste. Gure lege guztiak moldatuta daude; beraz, kontua ez da izango aldaketa handirik egitea. Horrenbestez, borondate politikoa baldin badago, negozia daiteke astebetean, hamar egunean. Demagun prozesua bururaino eramaten dugula: Kataluniak erreferendum bidez estatu independente izatea erabakitzen duela. Hori gertatzen den egunean, nori ez zaio interesatuko Katalunia EBn egotea? Espainiak berak ere ezingo du Europarekin merkataritzan jardun Kataluniatik pasatu gabe. Nork jarri nahi du muga bat hor?

Hain txarra litzateke Europatik at gelditzea?

Herri gisa, ondasunen, pertsonen eta kapitalaren zirkulazio askea da benetan beharrezkoa dena. Eta horretarako ez dago derrigor EBko kide izan beharrik, betiere merkatu berean parte hartzen jarraitzen badugu. Norvegiak eta Suitzak ere eredu hori aukeratu dute: ez dira EBn sartu, baina ni Oslora noa etzi pasaporterik gabe. Gainera, komertzio eta zirkulazio askeko itunak adosteko, nahikoa da EBko kideen gehiengo soilak alde bozkatzen badu. Espainiak aurka egingo balu ere, ezingo luke saihestu, besteek nahiko balute.

Independentziak ekonomiari kalte egingo liokeela diotenek, funtsean, diote Espainian jarraitzea mesedegarriagoa dela. Hala al da?

Ezetz uste dut; oraingo baldintzetan, behintzat, oso kaltegarria da Kataluniarentzat. Hasteko, auzi fiskalarengatik: Kataluniak, azken 30 urteotan, bere BPGaren %8 oparitu dio Espainiari. Ordaintzen ditugun zergetatik %70 Katalunian gastatzen dituzte, eta %30 Espainian desagertzen da. Asko da. Hori aurreztuko bagenu, Kataluniak Europako superabit altuena izango luke.

Igandeko emaitzak ikusita, zer bide hartuko du Kataluniak?

Aurreko agintaldian, bi alderdik aipatzen zuten independentzia programan; denera hamalau diputatu lortu zituzten. Agintaldi erdian beste biek ere egin dute bat aldarrikapen horrekin, eta orain 87 dira. Bestalde, aurreko bozetan alderdi eskuindarrek —CiUk eta PPk— botoen %60 lortu zituzten; eskuinak behera egin du, orain botoen %50 ditu. Herritarrek Masi esan diote ezkerrarekin gobernatzea nahi dutela. CiUk eta ERCk elkarrekin bizitzen ikasten badute, prozesuak aurrera egingo du. Arazoa da ERCri asko eskatzen ari garela, gobernuak murrizketekin jarraituko duelako; 2013ko aurrekontua beldurgarria izango da. Gobernuan sartzen badira, erre egin daitezke. Ataka zailean daude: Katalunia independente bat eratu nahi badute, baina hiru urtean egindako murrizketekin iristen badira horra, aukera hori galduko dute. Bestalde, neurri gogorrak hartu beharko dituen gobernu baten parte izateak beldurra ematen badie, prozesua gelditu egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.