Gizakiaren tximinotasuna

'Giza-tximinoa' antzezlana estreinatuko dute gaur Jokin Oregi zuzendariak eta Borja Ruiz aktoreak Bilboko Arriaga antzokianKafkaren ipuin bat moldatuta sortu dute pieza, eta emanaldi bakarra eskainiko dute

Tartean konpainiako Jokin Oregi zuzendaria eta Borja Ruiz aktorea dira Giza-tximinoa antzezlanaren sortzaileak. ARRIAGA ANTZOKIA.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Tximinoaren alderik gizatiarrena, eta gizakiaren aurpegirik tximinoena. Muga horretan jarri du begia Giza-tximinoa antzezlanak. Garai batean tximino zen arren, bizirik iraun beharraren beharrez gizaki izatea erabaki duen primate baten bakarrizketa da. Erdiz etsia, erdiz umoretsua, eta erabat humanoa. Jokin Oregik idatzi eta zuzendu du pieza, eta Borja Ruiz aktoreak jokatzen du rol nagusia. Gaur estreinatuko dute lana Arriaga antzokian. Formatu txikiko lanei eskainitako Arriagako Gelatxoen egitarauan.

Franz Kafka idazlearena da jatorrizko testua, berez. Akademia batentzako txostena izeneko ipuina dago Oregik eszenara eramandako lanaren oinarrian. Eta fidel izan zaio jatorrizkoari zuzendaria. Aldaketekin, baina, halere, fidel. Ihes egiteko premiaren premiaz gizaki plantak egiten hasten den tximino baten nondik norakoak kontatzen ditu Kafkaren ipuinak, eta horixe bera kontatzen du Oregiren lanak ere. Horraino dena berdin. «Kafka hor dago. Nik errespetu handia diot autoreari testuren bat hartzen dudanean». Baina badaude aldaketak. Barietate konpainia bateko zuzendari bilakatu du Peter izeneko tximinoa, adibidez. «Konpainiako izarra zen lehen, baina gizaki bihurtzearekin batera, konpainiako buru bilakatu da orain».

Bulego bat irudikatuko dute eszenan horregatik, baina asko izango du saioak zirkutik ere. Ruizena izango da ahots nagusia emanaldian. Bera izango da lehen aktorea. Tximinoa. Baina barietate konpainia osoa izango du inguruan. Mago bat, ekilibrista bat, malabaristak, piano jotzaileak, clown-ak... Tartean, konpainiako aktoreak jarri ditu rol horietan Oregik. Bertan izango da Mikel Martinez, bertan Patxo Telleria, bertan Javi Renobales... Baina Ruiz hautatu du pertsonaia nagusiaren rolerako. Aurrez ere ezagutzen zuten elkar bi sortzaileek. Izan ere, Oregirena da Ruizek zuzendutako Itzala antzezlanaren testua. Joseba Sarrionandiaren testu baten moldaketa egin dute pieza horretarako elkarrekin. Eta Kafkak batu ditu orain.

Zalantza handirik ez zuen izan Oregik Arriagaren enkargua jasotzean. «Gorilen kontuak nerabiltzan buruan nik. Eta Borja Ruizek ere esana zidan pozik egingo lukeela Kafkaren Akademia batentzako txostena pieza antzerkirako». Arriagaren eskaria jaso, beraz, eta berak horixe eskaini: Giza-tximinoa, Borja Ruiz aktorearekin. Antzokiak onartu egin zuen, eta printzipioz gaur baino jokatuko ez duten arren, Oregik ez du etorkizunean gehiagotan jokatzeko aukera erabat baztertzen. Oraingoz ez dela beste saiorik izango dio, halere.

Ezaguna da testua, eta aurrez ere egin da Kafkaren testuaren oholtzarako moldaketarik. Baita Euskal Herrian bertan ere. Kontakizun hori hartu zuten oinarri gisa, adibidez, 2012an Tximino jakintsua euskarazko antzezlana egiteko Jon Barbarin aktoreak eta Angel Sagues zuzendariak. Eta 2007an Kafkaren kontakizun bera oinarri zuen antzezlana jokatu zuen gazteleraz Ricardo Joven aktoreak Donostian. Oregi eta Ruizen tximinoa da orain oholtzara igoko dena. Tximino guztiak ez baitira tximino bera.

Iragana ezin erabat ehortzi

Kafkaren kontakizunean gizonduta dago tximinoa lehen lerroa hasterako. Erabat gizaki da hasieratik. Eta erabat gizaki kontatzen ditu bere tximino iraganari buruzkoak. Mantendu egin du hori Oregik oholtzarako moldaketan ere. Hasieratik da gizaki Peter ere oholtzan, baina bere buruarekin borrokan irudikatu du zenbait unez. Nahi gabe ateratzen zaizkion tximino keinuak ezkutatu nahi eta ezinean. Tximino iragana erabat ehortzi ezinik. Eta Ruizen lana da horretarako gakoa, zuzendariak azaldu duenez.

«Apala» izango da eszenografia. Bulegoko mahaia, alfonbra, aulki bat eta ezer gutxi gehiago. Bakarrizketak hartuko du pisua horregatik antzezlanean. Eta Kafkaren testuaren indarra nabarmendu du Oregik. Ironia, nagusiki. «Tximinoa hartzen du aitzakia idazleak, baina gizakiari buruz ari da benetan. Oso abila da gizakiaren kontraesanak aurkezten, eta umore handiko testua da». Tonu hori azpimarratu du zuzendariak, eta zehaztu duenez, tonu hori errespetatzea izan da haren helburua, hain zuzen ere. «Nire ustez, asmatu dugu ironia hori harrapatzen. Pertsonaia noble bat sortu dugu. Haserretu ere egiten da, baina segituan pasatzen zaio ozpindura hori, eta azkenean ikusten duzu pertsona eta pena ematen dizu». Pertsona bere tximinokerian. Tximinoa bere gizatasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.