«Aurreko finala sinbolikoki mugarri bat izan zen»

Beñat Zamalloa Akizu.
Astigarraga
2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Txapeldun izateko modua izaerarekin lotu du Maialen Lujanbiok, gehienbat: «Momentu batzuetan, agian, inkontzienteki beldur puntu bat eman dezake protagonismoak, lider izate horrek, talde buru izate horrek? Ez dut ukatzen, agian, egon litekeela beldur lanbro bat. Baina, nire ustez, badauka zerikusia izaerarekin. Ez naiz bereziki nabarmendu zalea».

Zapia sinbolo bezala hartuta joango zara BECera?

Ez. Esan nahi baduzu zapiak sinbolizatzen duen emakumearen figura hori ordezkatzera joango naizen, kontzienteki ez. Ni neure burua ordezkatzera joango naiz. Alde horretatik, gero eta lasaiago edo libreago sentitzen naiz ardura horretatik, zorionez, gero eta emakume gehiago daudelako plazan, gero eta ahots gehiago. Lehen, askotan sentitzen nuen «nik ez badut esaten, inork ez du esango». Orain, badaude ahotsak hori esango dutenak.

Aurreko finalerako, ordea, intentzioz jantzi zenuen?

Bai, baina egoera desberdina da. Hori sinbolikoki mugarri bat izan zen. Ordura arte ikusi ez zen zerbait. Gaur egun, hori jada gertatu da. Ez dut sentitzen hori azpimarratu beharrik.

Partekatuago ikusten duzu orain zapiaren ardura, beraz...

Emakume gehiago dago plazan elkarrengandik desberdinak direnak eta diskurtso desberdinak dituztenak. Gizonengan ere nik uste dut sentsibilizazioa ere zabaldu dela. Beste leku batean sentitzen naiz orain. Lasaiago sentitzen naiz gai horrekiko. Oso erreala ez zen ordezkaritza sentimendua ala horren oihartzuna izan banezakeen, orain lasaiago sentitzen naiz.

Alde horretatik asko sakrifikatu behar izan duzu zure bertso ibilbidean?

Ez dut inongo momentutan gai horrekin gaizki pasatu. Gaizki pasatzeraino ez naiz iritsi. Egia da a posteriori egiten diren irakurketak direla. Momentuan pixka bat iragazgaitz ere bihurtzen zara, minik ez hartzeko eta gauzek ez diezazuten hainbeste eragin. Inkontzienteki hori egin dut, eta gero, a posteriori, irakurketa egiten dudanean gertatu denaz, orduan ikusi ditut kriki-kraka horiek, talka txiki horiek edo ezin ulertu edo ulertu ez izate horiek. Sufritu banu, agian, ez nuke hor segituko. Nahiko modu atseginean bizi izan dut. Nire testuingurua ederra izan da: lagunartea eta bertso belaunaldia ederra izan dira. Bertsolaritzak, oro har, oso ondo hartu gaitu.

Bada lasaitzeko arriskurik?

Nik uste dut inflexio momentu batean gaudela. Oso puntu interesgarrira iritsi gara. Jende asko dago gai horrekin sentikor eta alerta, eta hori oso interesgarria da. Baina hau aztoramendu aldi bat ere bada. Oso irakinean dago gaia, eta, agian, ez da garai onena irakurketak egiteko. Oinarrian daudenen kopurua igo ahala, plazaz plaza dabiltzanen kopurua ere igoko da, eta baita kalitatea ere. Gauza horiei denbora eman behar zaie. Plazara salto egiteko garaian beti daude arazoak. Emakumeak edozein esparrutan jende-aurrekotasunarekin baditu arazo berezi batzuk, orain arte ez duelako leku hori bete izan. Oso interesgarria da, arazo ikusezinak eta sotilak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.