Titin III.a-Merino II.a 14. Berasaluze VIII-Albisu 22

Albisu garaiz itzuli da

Berasaluze VIII.a eta Albisu elkar besarkatzen, Bilbon jokaturiko atzoko partida irabazi berritan. M. D. V.  / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Iraupena. 69.21.

Pilotakadak. 465.

Saketik. Titinek bi eta Berasaluze VIII.ak lau.

Markagailua. 0-4, 3-4, 3-7, 7-7, 9-7, 9-8, 10-8, 10-10, 11-10, 11-11, 11-12, 12-12, 12-19, 14-19, 14-20 eta 14-22.

Bestelakoak. 1.600 ikusle inguru Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Apustuak parean irten ziren, baina urdinen aldeko joerarekin.

«Behar nuen halako partida bat», Jon Ander Albisu zintzo mintzatu zen atzoko lanak bukatu berritan. Asteak izan dira kritikak jasotzen, merezitakoak eta merezi gabeak. Bolada txarra, txakalaldia, eskuetako arazoak... Ataungo atzelaria pilota munduko mintzagai bilakatu da nahi gabe. Denak hari begira, eta egunik garrantzitsuenean bere burua aldarrikatu zuen. Txapelketako partidarik onena jokatu zuen Bilbon. Agian, ez batzuetan bezain ikusgarri, baina bai oso sendo. Berasaluzek ondo baliatu zuen kidearen lana hamar tanto jokoan egiteko, eta garaipenari esker, eskura dute finalerdietan sartzea. Hurrengo astean irabazten badute, ligaxkara pasatzea lortuko dute.

Txapeldunak baino gehiago izan ziren, ondo kostata halere. 3-7 galtzen hasi baziren ere, Titinek eta Merinok aurrea hartu zuten bote handiko pilotaren laguntzarekin. Merinok nahierara mugitu zuen; Albisu, berriz, ez zegoen eroso, eta orduan egin zituen partidako bi huts bakarrak (9-7). Luzatu ahala gogortuz joan zen piloteoa, eta pilota zakarragoarekin Albisuk agindu zuen. Merinok, haserre, «patatak» zirela esan zuen. Oreka zen nagusi (12-12), eta bukaera estua izango zela zirudien.

Berasaluze agertu zen orduan, eta haren eskutik 0-7ko ikusgarria. Lau tanto egin zituen jarraian lehenbizi, Titinen hutsa eragin aurretik. Gero sake erremate bat, eta, azkenik, Merinoren hutsa, nekearen ondorioz (12-19). Atzelari gaztea jota zegoen, eta izterreko arazoekin. Titin laguntzen saiatu zen, baina ezin. Irabazteko gelditzen zen bidea luzeegia zen, eta atsekabez ikusi zuten nola erorten ziren bosgarren postura. Atzoko aurkarien kontrako bi partidak galdu dituzte.

Bilbon eta Iruñean

Berasaluze-Albisuk Xala-Barriolari hurrengo larunbatean Bilbon irabazten badiete, finalerdietan daude. Iazko txapeldunek, berriz, Asegarcekoek galtzea behar dute, eta Bengoetxea-Beroizi Iruñean irabaztea. Bi partidak larunbatean jokatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.