Herrira-ren kontrako polizia operazioa. Amalur Mendizabal. Amaiurreko senataria

«Herritarrei oldartu zirenak ertzainak ziren, ez guardia zibilak»

Hernaniko egoitza itxitakoan, Ertzaintzaren oldarraldian zauritu zuten senataria. Zortzi puntuko zauria du, eta salaketa jarriko du.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Olano -

2013ko urriak 2
Gorputz osoa zuen atzo oraindik minduta Amalur Mendizabal Amaiurreko senatariak (Zizurkil, 1979). Erietxean, polizia etxean eta legebiltzarrean izan da ordu gutxiren buruan. Bere zaurien erantzulea nor den argi daukala adierazi dio BERRIAri.

Zer moduz zaude?

Buruko min handiarekin. Gorputza eta lepo ingurua ere minduta ditut, zortzi puntu jarri behar izan dizkidate eta. Kolpe berriak sumatzen nabil, momentuan bertan ez baitzara ohartu ere egiten non jotzen dizuten.

Nola oroitzen duzu momentua?

Herriraren egoitzatik kaxa batzuk ateratzen hasi ziren, eta une batetik bestera atxilotutakoak irtengo zirela pentsatu genuen. Bi polizia lerro antolatu zituen Ertzaintzak, baina ertzain batek ziurtatu zigun ez zela arazorik egongo gu geunden tokian lasai egonez gero. Alboan adineko emakume bat nuen, eta hari lasai egoteko esaten zion behin eta berriz, babestuta senti zedin. Hala eta guztiz ere, beste polizia lerroan tentsioa areagotuz joan zen, eta Ertzaintzak herritarren aurkako oldarraldiari ekin zion. Orduan, gure aldeko batzuk oihuka eta kexuka hasi ziren, bertan behera utz zezaten.

Ni tartean sartu nintzen giroa baretzeko asmoz, eta esan nien gure helburua zela haiei elkartasuna era baketsuan adieraztea. Senataria naizela egiaztatzen duen txartela atera nuen orduan, eta, bat-batean, bakea jartzen saiatzen ari nintzen unean, kolpe bat eman zidaten inongo probokaziorik egin gabe.

Kolpea eman zizun ertzaina identifikatu ahal izan zenuen?

Kolpea jaso eta gero, lurrera bota ninduten, eta txartela erori zitzaidan. Hura berreskuratzen ari nintzen bitartean, gehiago oldartu zitzaizkidan. Azkenean zutik jartzea lortu nuenean, bertan zegoen, eta biok ertzainengana gerturatu ginen identifikazio zenbakiaren eske. Behin eta berriz ahalegindu ginen, baina ezer ez; ez zidaten eman nahi izan. Une batean, gainera, burua etorri zitzaigun, anbulantzia bat bidean zegoela esanez; baina nire nahia identifikazio zenbakia lortzea zen, ez nuen anbulantziarik nahi. Behar izatekotan nik neuk deituko nieke.

Zer-nolako neurriak hartuko dituzue aurrerantzean?

Lehenik eta behin, salaketa bat jarriko dugu, eta hortik aurrera itxaron behar. Atzo bertan Espainiako Gobernuko ministroari eskatu zitzaion atxilotuak ez inkomunikatzeko, eta, lege aldetik, denborak esango digu norantz jo, datorren astera arte ez baitugu osoko bilkura senatuan.

Hala, ordura arte, ez dugu ezer gehiago aurreikusi. Dena den, ez zait iruditzen Madrilen azaldu beharreko kontu bat denik. Kasu honetan, Ertzaintza tartean egonik, EAJk eman behar ditu kontuak. Haiei dagokie azalpenak ematea, baina ez soilik niregatik, ni bezala beste hainbesteri eraso egin zietelako; jende asko zegoen zaurituta atzo Hernanin.

Ze parametrotan kokatzen duzu Herrira-ren aurkako operazioa?

Euskal jendartearen gehiengo zabalak aldarrikatzen duenaren alde lanean diharduen talde bat izaki, errespetatua izan behar dela uste dut. Euskal presoen inguruko aldarri hau kriminalizatu nahi dute, eta herriak dioena isilarazi nahi dute.

Finean, presoen auzia baliatu nahi dute konponbide prozesua blokeatzeko. Euskal Herri osoaren aurkako operazioa iruditzen zait, izan ere, gauza batzuk ari gara eskatzen, eta haiek, aldiz, mina eman nahian jarraitzen dute biolentziaren bidetik. Denok buruan daukagun konponbide eta bakea lortzeko bidea oztopatzen dabiltza.

EAJren inguruan gogoeta batzuk partekatzea gustatuko litzaidake, atzoko operazioa atzerapauso bat zela nabarmendu baitzuten. Hori esan ostean, baina, Ertzaintza bidali zuten Guardia Zibila babestera, eta gogorarazi nahi diet herritarrei oldartu zirenak ertzainak izan zirela, eta ez Guardia Zibilak.

Ortuzarrek berak SER irratian adierazi du Ezker abertzalea aditua dela biktimismoari errentagarritasuna ateratzen.

Ez dut uste biktimismoaren bidetik noanik. Baliteke nekearengatik apal xamar egotea, eta ahots tonua ezohikoa izatea. Halere, ez nabil biktima gisa jokatzen, eta ez nator bat adierazpen horiekin, inondik ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna