Larrepetit

Zerbitzari

Castillo Suarez.
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Harekin akordatzen naizenez geroztik, emakumeak beti izan du itxura bera: ile oso motza, galtza zabalak eta poltsa ilun bat, gorputzaren kontra estutzen duena lapurtzeko beldurrez egongo balitz bezala. Ez da emakume polita, sudur txikiegia daukalako aukeran, baina edonorentzat hitz atseginak izateak egiten du erakargarri. Herri osoarekin egiten du hitza.

Enpresari handi baten etxean lan egin izan du bere bizitza osoan —28 urtez—, esan dit, hatza gora begira jarriz. Bost seme alaba zituen enpresariak, eta haurrez gain, amona ere zaintzen zuen. Urteko egun guztietan, Eguberri eta Urteberri izan ezik. Soilik igandetan izaten zuen atsedenerako tarte bat. Ahizpekin kafea hartzera gustatzen zitzaion; munduko plazerik handiena zen igandetako pastela eta kafea.

Lehendabizi amona gaixotu zen, eta bere ama balitz bezala zaindu zuen burua galdu zuenean. Ondotik, etxeko andrea izan zen eritu zena, minbiziak jota. Etxeko andrea hil zenean lana utziko zuela erabaki zuen, bera baitzen etxe horrekin zuen loturarik sendoena. Enpresaria despota hutsa zen, eta haurrek —orain helduak— ez zioten ezertan laguntzen. Agur esan zioten, familia harekiko zorretan balego bezala.

Handik bi egunetara enplegu bulegora joan zen. Duela lau bat urte izan zen hori, eta ez zuen uste garbitzaile lana aurkitzeko zailtasunik izango zuenik. Enplegu bulegokoari irribarre handi batekin esan zion sei hilabeteko atsedena hartu nahiko lukeela. Ezin izango duzu atsedenik hartu —esan zion bulegokoak erruki aurpegiarekin—, enpresariak etxeko langileendako Gizarte Segurantza ordaindu du, eta horrek ez dizu langabezia kobratzeko eskubiderik ematen.

Ez zuen inoiz nominarik ez kontraturik ikusi. Txekea ematen zioten hilabete bukaeran, eta aita joaten zen kutxara dirua kobratzera. Orain musika eskola garbitzen egiten du lan, eta nomina eta paper guztiak karpeta baten gordetzen ditu, urreak balio dituztelako beretako. Kafea hartzera joaten da uniforme bera duten beste emakume batzuekin, garai bateko igandeetako irribarre berberarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.