Unai Iturriaga.
Larrepetit

Ametsen Lapurrak

2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Baina zertarako? Orain hasiko zara horretan? Ez al duzu hobe gauzak dauden moduan uztea? Haizea buruan baino hobe hankak lurrean, txo.Horrela egiten dute berba Ametsen Lapurrek.

Inguruan, ondoan ditugu sarri. Ez dira estatua, polizia, patronala, justizia-aparatua, ezta armada ere. Ametsen Lapurrak dira. Ez nahastu, izorratuta zaudenean entzun egingo dizute, baiki, baita sorbalda eskaini ere negar egin dezazun. Tente irauten lagunduko dizute baina ez ibiltzen. Egunen batean, oinez hasten bazara, gogoraziko dizute beraiek izan zirela eskua luzatu zizutenak, halandaze, ez joan urrunegi, ez ausartu korrika hastera, ez dituzu-eta euren gurariak beteko. Berandu izango da, edo goiz; alferrik gehienetan, hizkiz hizki, zein baino zein astunagoak, erortzen den «merezi ote duen…» bat inoiz.

Zure aurre-irudi bat daukate Ametsen Lapurrek eta automatikoan disparatzen dute. Ez dute esposizio denbora aldatzen argazkia mugitua aterako den beldur etaPhotoshop sozial-emozionalaren azkeneko bertsioa eskura beti ukitu-mukituak egiteko. Ezer jakitekotan, zer komeni zaizun dakite Ametsen Lapurrek.

Ezkerrean zein eskuman aurkituko dituzu. Erdian ez. Ez dute euren burua muinean narrasteko arriskuan jarriko. Goian edo behean, berdintsu. Kasu eman behekoei, erresignazioa baino Ametsen Lapur handiagorik ez dago.

Patua. Horra esan ez eta Ametsen Lapurren diskurtsoan beti presente dagoen berba. Patua, tutua eztarriko txilinean behera sartzen dizun enbutua legez. Ohituko zarela azkenerako. Trapuan pupua, Ametsen Lapurrek.

Ez dira estatua, polizia, patronala, justizia-aparatua, ezta armada ere baina hobebehar orokorra dizute aipatuko; sotilki erreprimituko; afektiboki esplotatuko; (zu ez zaudela) gupidarik gabe zigortuko; euren gerletan sartuko, Ametsen Lapurrek.

Ez zaitezela egundo fida zure hobebeharrez ari dela diotsunaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.