Unai Iturriaga.
Larrepetit

Izendaezina

2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Kaskarrean sartu zitzaien, bai patrikan ere, behar genuela tren hori. Eurei sartu zitzaien, baina behar, guztiok behar ei genuen. Zifrak, pezetetan baino laburragoa eurotan eta, hala ere, gure herritik igarotzen den trenak baino bagoi gehiago daroaz zerotan bakarrik. Beharbada, horregatik sartu zitzaien kaskarrean eta patrikan.

Praktikan, abiadura handiko patrikek gobernatzen baikaituzte. Burruntzalikadei gutxi iritzi eta, hondeatzeko makinen palez maitemindu zirenez geroztik, lehenengo harri-jartzeekin hasi ziren sukar ametsetan guztiak, zein bere mailan. Trenik edo porturik ezin zuenak kiroldegia egiten zuen, eta kiroldegia bazeukanak, antzoki bat edo museo tematiko bat. Tema eraikitzekoa, gaia, gutxi gorabehera, librea.

Egongo ez zen, bada, behia lodi, belarra jan, porlanez libratu eta euroak bazerizkion erroetatik? Auzoko behia hori egiteko gai bazen, etxean ere onena behiak jartzea izango zela ebatzi zuen askok. Kortak garbitzeko prest zegoen jendea nonahitik zetorren, edozelako baldintzetan gehienak, sats prezioan ordainduta behar egiteko gertu. Berderik badeno izango dute jana, pentsatu bide zuten.

Eta bai, berdetik eta moretik (inork ikusi al du begien aurrean 500 eurokorik?) mugitu da franko. Patrikaz patrika, arkitekto, politikari, bankari eta eraikitzailez osatutako bidelapurren orkestra baten doinura balsean billeteok, halako molde poetikoz poetikoz non bazirudien elkarri zirautsela, «gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, darling». Eta ez.

Malkoak agortu arte zukutu dute behia, aldundiak urdindu eta udalak lugorritu, kaskarrean sartu zitzaielako, baita patrikan ere. Txikizioan hasi ziren eta mozten, murrizten, eskasten, urritzen jarraituko dute ze, tren horrek, besteak beste, lehentasuna izaten jarraitzen du. Izendaezinarekin, Europa zaharrean izu-laborria daragienarekin lotuko gaitu: Madrilekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.