Unai Iturriaga.
Larrepetit

Altxamendua

2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Altxamendu nazionalaren urteurrena gaur. Hirurogeita hamasei Franco eta enparauak Afrikan altxatu eta Cid Campeadorrenak atzekoz aurrera egiten hasi zirenetik. Francisco Franco Bahamonde, gizaseme txikia bezain hiltzaile handia bera, 36ko gerraren aurretik, Asturiasen 34ko iraultza odol erreka bihurtuz zanpatzeagatik egin zituen merituek puztu zuten, antza.

Azkenekoz egunkari bat edo albistegi bat ikusi nuen egunean meatzariek egurrean zerraiten Asturiasen. Bertora etorri gara baina ez meatz-lurretara. Hemen entzuten diren bolanderek Karmengo jaiak dituzte aitzakia, zenbaiten aberri maite, amoreetako Asturias hori, handia baita.Ez dugu meatzarien aldeko espraikadarik edo kartelik ikusi oraindik, eta jendearen ahotan dabilen tokiko heroia Alonso da, Fernando izeneko bat. Asturiasko printze-printzesak ere presente eta baita Espainiako banderak eta futbol selekzioaren kamisetak ere. Urduri jartzen naute, bidazti txarra ni.

Mendien beste aldean sua eta egurra eta, hemen, Kortatuk zioen moduan, «sol y buen tiempo». Baina ez da harritzekoa. Aurtengoa zelakoa izango den ikusteko dagoen arren, gurean ere hamaika uda bero bizita gaude kantxako sarrerekin. Joan batera, festajale beste ertzain bertan, marradun txandalak ere bai hara eta hona eta, azkenerako, puxikan Arkauti Garaioko urtegiaren beso bihurtzeko lain litrorekin buelta etxera. Garai likidoak horraitino.

Sagarra manzana eta ikatza carbón, beltzetik aski genuela eta lehenengoak egin digu on. Asturiasen, Afrika iparraldeko gazte batek jarri digu mahaian botila. Sagardua esaten diogula guk, hala bota digu agurrarekin batera eta halaxe azaldu die gero bere lankideei ere: Sagardúa, azentuan indar eginez berak. Arrifekoa izan daitekeela pentsatu dut sagarrak eta eguzkiak aldi berean jotzen nindutela. Jakin zezakeela zer edo zer hark ere Francoz eta enparauez, altxamenduaz eta batez ere egunero altxatu beharraz. Laino artean ere moroak eta moroak baitaude. Batzuok oporretara joaten gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.