Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Arbolen garrantziaz

2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Arbolari begira ikusi dut autoan pasatu naizenean. Zerbaiten bila ote zebilen iruditu zait. Gaztainak igual? Ez dakit esaten parean zuena gaztainondoa ote zen. Bai, ordea, morkotsak ez direla arboletatik erortzen, hala eskatuagatik. Ez zaiela hitz egiten, alegia. Ez, behintzat, horretarako. Eta gizona arbolari hizketan ari zen. Hori seguru. Eta haserre samar. Hori ere seguru. Errietan esaten ez naiz ausartzen, baina asaldatuta bai. Eta ez dut uste aurten fruitu gutxi eman dituela leporatzen ariko zitzaionik. Ez. Gizona arbolarekin hizketan ari zen. Bakarrizketan, esango nuke. Baina ez naiz hori ere ziurtatzeko gai. Azken batean, ni autoan pasatu naiz, eta bide ertzean ikusi dut gizonezko bat, adinekoa, identifikatu gabeko arbola baten parean, hari hizketan, haserre. Eta ezin dezaket ziurtatu arbolak erantzun ote dion. Nik ez dut entzun. Ez naiz entzuten geratu. Segitu egin dut nire bidean.

Irudiak, ordea, nirekin jarraitu du pixka batean. Eta aitonaren bakarrizketaren oihartzunak ere bai. Eta horiek, denbora gehiagoan eramango ditut seguruenik nirekin. Agurea arbolari hizketan ikusi eta ez naizelako lehendabiziko bistadizoan diagnostiko egokia egiteko gai izan. Ez da hain zaila. Entzutea ahazten ari zaigu. Ez dugu entzuten. Ez diogu elkarri entzuten. Ez diogu inori entzuten. Bakardadea gogorra da. Eta gorra. Eta konfesionarioak ere EREan sartu zirenetik, ordaindu beste erremediorik ez dago bakarren batek entzutea nahi baduzu. Sendabidea askorentzat, astean behingo sesioa. Garestia, ordea, adiskide adinkideak galdu dituzten gehienentzat.

Arbolak ez dira erremedio txarra. Animaliek baino lan gutxiago ematen dute eta ez dira tokiz mugitzen. Arbolari hitz egin dakioke ordutan. Gainera, ez dizutejarduna momenturik desegokienean etengo.

Ez dakit zer arraio egingo dugun arbolarik gabe geratzen garen egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.