Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Pertxa

2012ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gaur goizean ikusi banu bezalaxe akordatzen naiz. Emakumea, gabardina armariotik atera berri, tente doa kalean behera, dotore ustean. Aurretik ez du begiradarik bereganatzen, baina atzeko jendea jiratuta geratzen zaio begira. Bera ez da konturatzen. Bizkarrean ez du begirik. Bai, ordea, pertxa. Pertxarekin jantzi baitu gabardina. Esekigailuarekin batera, ez esekitokiarekin (begiratu hiztegian aldea, bestela, berez deigarria den irudia komikietako bihur liteke, eta komikoa bada, baina benetakoa).

Akordatzen naiz kalean behera jarraitu geniola. Txokatuta hasieran, ulertu ezinik nolaz izan ote zuen halako deskuidoa. Ondo zentratua zeraman pertxa bizkarrean. Bizkar zabala egiten zion, sendoa, zuzena eta pertxaren gakoa, erdi-erdian, lepoaren parean, tentagarri gertatzen zen. Heldu, eta emakumea gabardina barruan zela, zintzilik jartzeko gogoa pizteraino. Jiji eta jaja egin genituen lehendabiziko metroak. Ez da topatzen egunero kalean pertxa bistan daraman norbait. Jiji-jaja egitea beste helbururik ez duzun adin modu horretan gu, sekula gehiago ez zait egokitu kalean pertxa bistan daraman inor.

Akordatzen naiz bakarren batek esan zuela esatea zegokigula, baina irudikatzearekin bakarrik, «aizu, barkatu, pertxa bat atera zaizu bizkarrean!», aurrera egin ezinik geratzen ginen. Edo «konturatu al zara...?». Nola bukatu esaldia lotsak ahoa lehortu gabe? Eta gainera, beranduegi. Ausardiak momentuan behar du. Ausardiak erlojuaren orratzen kontrako norabidea egiten du.

Ez dakit zertan bukatu zen kontua. Jiji-jajarako beste motiboren bat topatuko genuen seguru asko. Auskalo.

Askotan etortzen zait irudia oraindik. Ez genion ezer esan. Tira. Emakumearen bizitza ez zegoen jokoan. Baina jokoan dagoena bizitza ez denean ere egokia da hitza ateratzea. Lotsak lotsa. Bizkarrera barre egin eta mutu geratzea baino egokiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.