Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Amaiera duina

2012ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Zer arraio jaten du Veronica Lariok?» galdezka harrapatu dut neure burua Berlusconik, dibortziatu eta gero, emazte ohiari ehun mila euro ordaindu beharko dizkiola irakurri ondoren. 100.000. Horrela nabarmenago. Ehun milak kopuru apalagoa dirudi gainontzeko letren artean. 100.000 euro eguneko (eutsi egin diot «eguneko» letra larriz idazteko tentazioari). Kontuak ateratzen trebezia aparta ez duenarentzat, hilean 3 milioi euro dira, 36 milioi urtean. «Pensión alimenticia» irakurri dut. Hortxe, zuzenbide kontutan ere ezjakin denaren hankasartzea: ez da jateko behar duenagatik jasoko duena, bizitzeko behar duenagatik baizik. Garai batetik etorritako forma izango da. Diru-sarrerarik gabe geratzen zenari jatekoa ziurtatzeko agindutik. Gero zabalduko zen, jatekoaz aparte ezkonduta bizi bitartean izandako mailari eusteko modua ziurtatze aldera.

Ez nion gai honi heldu behar. Garuna nahastu egiten da zenbait informazio jasotakoan. Ez ditu ideiak behar bezala kateatzen. Veronicak eskubidea du dagokiona eskatzeko. Zorrak zor. Nola da posible epaileak egunean ehun mila euro behar dituela ontzat ematea? Duenetik ze ehuneko ordaindu beharko dio senar ohiak? Nolaz du hainbeste? Zer da bizi-maila? Edozer dela ere hobetu egingo zuen dirutzarik jaso gabe ere, senar-ohia urrunduta. Ezta?

Eguneko beste irudi bat: Ana Botella, argazkilariz inguratuta, egunekoa berea izateko intentzioz, emakume bati sorbaldatik helduta. Emakumeak etxerik gabea dirudi ikusi batera. Etxea baldin badu ere, ez dauka ezer sobran. Ana Botellak lagundu egin nahi dio. Samur sozialera joateko berarekin. Lagunduko diola. Emakume behartsu itxurakoak ezetz. Ez duela haren laguntza beharrik. Botella argazkirik gabe geratu da. Kaleko emakumea, bere duintasunarekin.

Ederragoak dira duintasunaren argazkiak. Eta errazagoak zutabeek sendo jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.