Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Sudurra

2013ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Lan istripu eta gaixotasunen merkatuan sudurra da balorerik preziatuena. 7.940 eurotan dago alea. Bakarra dugu. Eta, topikoak topiko, handia lur eremu hauetan. Baina prezioa ez da lur eremu honi bakarrik dagokiona. BOEn eguneratu dituzten kopuruak dira. Eta ez da nahikoa argumentu. Zakila ere bakarra dugu/te/zue eta ez du sudurrak adina balio. Ez da 7.000 eurotara iristen. Barrabilek eta obarioek berdin kotizatzen dute: 2.840 bakoitzak. Biak galdu ezkero, 6.380. Titi bakarrak 2.560, pareak 5.460. Giltzurrun bakoitzak 4.260, eta hatzak, segun. Garestiago eskuinekoak ezkerrekoak baino ezkerrentzat ere, eta garestiago erakuslea txikia baino. Oinetan ez da diskriminaziorik: ezkerrekoak edo eskuinekoak, prezio berean. Eta horrela, laneko istripuen edo gaixotasunen ondorioz galdutako pieza bakoitzaren prezioen zerrendan 110 galera posible.

«Zer nahiago? Itsu edo gor geratu?», galdetzen diguten lehendabizikotan duda egiten dugu gehienok. Saiatzen gara bi egoeretako zeinetan galduko ote genukeen gehiago erabakitzen. Ezin. Gainera, dagokion kasillatxoan gurutzea jartzeak, kasillatxoetan jartzen diren gurutze gehienek bezala, ez du ezertarako balio. Jolasa da. Galdera ez da, hala ere, begiak edo belarriak galdu nahi ote ditugun, baizik eta zeregin nagusia hondatuko balitzaie, zer. Begiek ikusteari edo belarriak entzuteari utzi ezkero, zer.

Sudurrarekin ez. Zehaztua dator. Sudurra galdu ezkero ia 8.000 euro zuretzat. Usaimena galduta, 1.210 besterik ez. Txistetarako ematen du. Antiojuak eta, pertsonalitatea eta. Ez da txantxetarako. Erabat ezindua utziko ez zaituen lan istripu edo gaixotasun baten ondorioz gal zenezakeen piezarik preziatuena (estimazioa dirutan neurtuta) sudurra. Ez du inporta zertarako den. Itxura da beste behin, garrantzitsuena.

Kiratsa dario gure munduari. Eta usaintzen ere ahazten ari zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.