Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Alexitimia ote?

2013ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ezetz, ez dutela zerikusirik. Asteroidea hegoaldetik iparraldera zihoala, eta meteoritoa, berriz, iparraldetik hegoaldera. Beraz, Errusiako zeruak argitu eta lurrak beldurtu dituen zernahi delako hori asteroideak askatutakoa izatea ezinezkoa dela esan eta esan ari dira adituak. Asteroidea hegoaldetik noiz azalduko begira Iparraldeari begiratu ez dioten horiexek.

Eta guk sinetsi egin behar. Edo onartu, gutxienez, besterik ezinean. Hala esaten badute, hala izango da. Hor goikoarekin beti igual. Nekez kenduko digute, hala ere, hain noizean behingo bi fenomeno egun berean gertatzeak sortzen digun sinesgaiztasun keinua. Eta sinesten ez den guztiarekin gertatzen denez, susmoarekin batera txantxa: zeruak ere aztoratuak, badakizue, hangoekin lotura zuzena duen horrek meteoritoena baino noizkotasun urriagoz hartu izan den erabakiaren berri eman ondoren.

Ez da alexitimikoa naizelako. Ez da sentitzeko eta sentitzen dudana hitz bihurtzeko gaitasunik gabe geratu naizelako (zenbat ikasten den berripaperetan ekonomia, kirolak edo politika ez den sailetan ere!: Nafarroan hirurogei mila omen zarete maitatzeko ezgai —hori izenburuan; barrurago argibideak: ezgaitasuna zabalagoa da, ezin beldurtu, poztu, gorrotatu eta ondorioz, ezin izendatu—), baina albisteek hala sentiarazten naute: alexitimiko.

Aste honetakoa benetan da meteofora. Jartzen gaituzte denak, aldi berean, puntu zehatz bati begira, gerta litekeenaren zain, garrantzitsuena seinalatu diguten hartan dagoela ulertaraziz. Etagure bizkar gertatzen dira garrantzitsuenak. Hegoaldera begira harrapatzen gaitu Iparraldean gertatuak.

Hamalau urteko. Hondartzan. Laguna alemaniarra. Etorri da korrika zoro moduan, «zure aita hil da! Zuen aita hil da!», oihuka. Korrikago ni kanpadendara. Aita siestan.

Harrezkero, aita santuei buruzkoak ere, asteroideak bezain urruti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.