Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Gu eta Korrika eta...

2013ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Garunari ere ariketa eginarazteko egunero Jira-biran ibiltzea gomendatu beharko lukete adituek. «Ni bakoitzak gu andana badarama arrastaka, zenbat gu daramatza gu bakoitzak? Baina, zer eskaintzen du gu bakoitzak?», Gantzarainek atzo Jiran. «Euskaltzaleok Korrika gorpuztuko dugu egunotan Euskal Herria. Balioko ote du Irun, Beasain, Durango, Santurtzi, Altsasu, Angelu, Bastida edo Barkoxeko gazteek (euskal herritar? EAEtar? nafar? 64tar? espainiar? frantziar?) euskaltzale zer den di-da batean barneratzeko?», Eskisabelek Biran. Jira-biratik gertu, Udabe Korrika New Yorketik noiz pasako eta Egaña «esanindar» izugarria duen esaldiz.

Oinez ikasi eta gutxira, albokoen pauso beretsuan joateko ahaleginean xahutzen ditugu indarrak. Pausoa ondo luzatu arte gu sentiarazten gaituztenak bezalakoak izan nahi dugu. Berdinak denean. Ezertan atentziorik eman gabe. Itxuratik mamira. Tribuko kide. Lehentxoago edo geroxeago, ni-a berezi izan nahian korrika hasten den arte. Pakerik ez handik aurrera gutarrengandik bereizi arte! Niarentzat toki egokiaren bila joaten zaigu bizitza. Ze gu-tan kokatu asmatu ezinik. Gure diren gu batzuk gorrotatuz, eta beste gu batzuk mirestuz. Halaxe, bizitza osoa, bueltan-bueltan atzera berriz gu bihurtzeko aukera norekin eta noiz izango. Eta gehienak satisfetxo, ni eta ni, berdin gu lortuz gero, beste ni bakar batekin bada ere.

Ez da gu perfektorik. Ni perfektorik ez den bezala.

Uste dut horregatik ezin dudala Korrika egin. Begiak betetzen zaizkit erremediorik gabe. Ez dakit den metro batzuz sikiera gu izateko ahalegina egiteko prest dagoen hainbeste ni elkarrekin ikusteak eragina edo hirutik gorako edozein taldetan gu sentitzeko dudan zailtasun ikaragarriaren zamaren ondorio.

Beharbada hainbeste jira-bira gabe errazagoa litzateke: emozionatu egiten naiz, ze arraio! Eta ez dakit zergatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.