Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Zorionaz

2013ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ditxosozko zoriona. Hainbeste espantu eta gutun ofizial, soil eta hotz batean kabitu litekeen zera hori. «Hontara ezkero» adinaren komeriak. Poesiaz betetako hitzak jasotzeko itxaropena aspaldian galdua, zoriona egoera baino uneak direla ikasi ostean, bila joan ezean ez dela etortzen sinestu eta gero, gutunazal baten baitan dagoelakoan.

Zain geunden. Geure buruari ezetz esan arren. Ez, bizitzen uzten ez dizun segundoz segundoko zain egote hori. Ez, loa galarazi eta esna zaudenean ere lo bazeunde bezalako ezinegonezko zain egoera hori. Ez, unibertsoko seinale guztietan zerbait irakurri nahi hori. Baina zain. Posible da serenitatez zain egotea ere.

Zehar-begirada buzoira. Ez da sobrerik ageri. Deirik ere ez, ordea. Eta badoaz egunak. Zenbat eta gehiago, hobe. Garbi hitz egiten dizute: gerta liteke gaurko froga nahikoa ez izatea eta deia jasotzea. Horrek esan nahi du bigarren azterketa bat egitea komeni dela. Ohikoa da. Ez larritu. Izan liteke lehendabizikoaren emaitzak susmoren bat piztu digulako eta baztertzeko, edo ez delako irudia nahi bezain argi ikusten, edo beste arrazoi askorengatik. Beharrik ezean, gutun batean iritsiko zaizu emaitza etxera.

«Ez dugu ezer anormalik aurkitu». Hara hor zorionaren definizioa. Ezer anormalik ez. Zoriontsu izateko modu bat da ezer anormalik ez duzula jakitea. Esaldia bitan irakurtzen behar duzun denbora irauten du, ordea.

Honezkero ikasiak behar genuke zoriona ez dela sobre bakarrean kabitzen. Ezta esaldi bakarrean ere. Espejismoak besterik ez direla. Ez gara bakarrik bizi. Gure zorionarentzat norbere izenean iritsitako gutuna da ezinbesteko. Zorionari eusteko modu bakarra, berriz, maite ditugunen buzoietara bana iritsi dela jakitea.

Eta gutunak ez dira buzoiguztietara heltzen. Zorionaren gailurra ezer anormalik ez aurkitzea da oraindik egunero gehiegirentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.