Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Begiradak

2013ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Deserosoa behar du begirada guztiak lepagainean dituzula bazkaltzea. Jasanezina, platerera ez den beste edonora begiratuta zureekin topo egiten duten bi begi aurkitzea. Begirada miresmenezkoa izanda ere. Baita maitakorra, goxoa edo adiskidetasunez betea bada ere. Zenbait lepagain oso ohituak daude honezkero. Herri honetan pilotarienak, esate baterako.

Lehengo batean, ezagunenetako bat mahaitik altxatzen ari zela hark utzitako tokian eseri ginen. Inguruko buru guztiek, (salbuespenik gabe), bistatik desagertu arte jarraitu zioten. Eguzki-lore zelai bihurtu zen terraza, eguzkia nora buruak hara. Ezagutu zutenek, ezagutu zutelako. Ez zutenek, pilotari ezagunaren ikaragarrizko antza hartu ziotelako.

Begiradak eta begiradak daude. Kontatu dit sartu dela tabernan, eta begirada bat sentitu duela lepagainean. Deseroso sentiarazten zaituzten horietakoa. Jiratu eta begiratu du. Ezagunak egin zaizkion bi begirekin egin du topo. Eta ez ditu ezagun. Nik bai. Aspaldi ikusi ez dudan eta asko maite dudan lagun bat du begira. Badaki ez dudala aspaldi ikusi eta badaki asko maite dudala. Baina ez dute elkar ezagutzen. Eta hala ere, gurutzatu dute begirada behin baino gehiagotan, zerbaitek elkartuko balitu bezala. Ez da eguzki-lorerik han. Bi begirada besterik ez, beste askoren artean. Bi begirada, batek daki ze indarrek elkar erakarriak. Fantasiarako gaitz sendaezina izateak hauxe du txarra: elkarren artean ezezagun eta niretzat maiteak diren bi pertsonen artean bart gurutzatutako begiradatik istorio handi bat sor dezakedala sinistea.

Kuriositatea aspaldi ikusi ez dudan eta asko maite dudan lagunak tabernan sartu berriari zergatik begiratu ote dion galdetzekoa. Igua,l hobe ez jakitea. Zenbait begiradaren arrazoiak ezkutuan uzteak istorio ederretarako bideak irekitzen ditu. Eta besterik ezean, igandeko zutabe baterakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.