Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Heather eta B.

2013ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Heather Dewey-Hagborg artista da. B. N. D. M. ere kasi. Heatherrek hilabeteak pasatu ditu New Yorken lurrera begira, zigarrokinak eta txikleak biltzen. B.-k urte eta erdi Iruñeko bere bizilagunaren buzoira begira, gutunen bat noiz iritsiko. Heatherrek lurrekoen DNA aztertu du artea egiteko. B.-k ez dakigu zer egin duen bizilagunaren argi eta telefono fakturekin, banketxeko edo INEMeko gutunekin. Heather erakusketa bat osatzen ari da kalean topatutako DNAk ematen dion informazioari esker sortzen dituen hiru dimentsiotako maskarekin. B.-k momentuz lortu du akordioa, kartzelarako zigorrik ez izateko. Urtebetekoa agindu du epaileak eta 2.160 euroko isuna (zehaztuz ze ondasun dituen ikertuko duela, bizilagunari zor dion dirua aldi bakarrean ordain diezaion).

Heather artista da eta informazio genetikoa nonahi uzten dugula azalerazi nahi du (erretzaileontzat da, batez ere, abisua) eta horrek izan ditzakeen ondorioak —bakarren bat ez bada oraindik enteratu CSIren denboraldi guztiak ikusita ere—. B. artista da eta gutunei esker genetikoa baino informazio garrantzitsuagoa eskuratzea esperoko zuen igual, konturatu gabe, informazio interesgarria dakarren gutunik apenas iristen dela jada buzoietara. Beharbada hori azalerazi nahi zuen bere ekintzaren bitartez, baina ez dute argitu zergatik tematu den bizilagunaren buzoiarekin.

Ez dakit ze filmetan esaten zuen ikertzaileak ezerk ez duela gaur egun gutako bakoitzari buruzko informazio gehiago ematen, egunean zehar osatzen zaizkigun zabor-poltsek baino. Irudika ditzaket Heather eta B. elkarlanean. B. zabor artean bila, zertarako ondo jakin gabe, eta Heather B.-k topatutakoa interpretatzen eta hiru dimentsiotako irudiak egiten eta erakusten. Zertarako ondo jakin gabe, bera ere.

Irudimenari agujetarik eragin gabe irudika ditzaket beste batzuk, zertarako erabakitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.