Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Ari nago

2013ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Euskaldunoi lurrikara eragiten digu burmuinean desegoki esanak hizkuntzaren arauak sakratuak direla agintzen duen hemisferioan. Hemisferio kontserbadorean. Bi dozena hitz ultrakontserbatu topatu dituztela entzun eta harro-harro dabilen horretan bertan. Bi dozena hitz gaur egungo 700en bat hizkuntzaren arbaso izango litzatekeen proto-eurasiarraren adibide liratekeenak. Bi dozena hitz soinuz eta esanahiz berdinak direnak elkarrekin zerikusirik ez duten hizkuntzatan. Horien bila ibili eta topatu dituzte «ama, ez, zer, entzun, errautsak eta zizarea», besteak beste.

Ez dute hizkuntzalari guztiek belarri onez entzun. Badirudi bat datozela denak hitzik arruntenak direla iraupen luzeena dutela esaterakoan. Kontuak ere atera dituzte: egunean batez beste hamasei aldiz esaten diren hitzak errepikatzen dira gutxienez hiru familia linguistikotan. (Errautsak? Zizarea? Hamasei aldiz?). Hori nobedadea. Hitz ultrakontserbatuak.150 mila urtez bizirautea lortu duten hitzak.

Mark Pagel du izena ikerketa gobernatu eta ezagutarazi duen ikerlariak. Idoia Mendia, aste honetan «irakurtzen ari nago» aitortu duenak.

Burmuineko dardara interpreta liteke Richter eskalak sortzen duen izuz. Hala egiten dugu. Hizkuntza ultrakontserbatzeko. Igualeko, dardara erotismoaren astinduekin konparatu ezkero. Plazerraren eskalan oso goian jo nau «irakurtzen ari nago» horrek. Arauak apurtzearen balio erantsiz.

Zure burmuina ez bada jolaserako gai, hizkuntza arau-konserba baino gehiago dela ulertzen ez badu eta «irakurtzen ari nago» entzunda haserretzen ari bazaude, ez kezkatu. Hitz ultrakontserbatuen berriak poztuko zaitu. Azalduko da beharbada euskararen arrastoren bat. Edo ez. Seguru asko ultragoa da gurea.

Gainera, alferrik ari zaude haserretzen. Boladan dago ari itxurak eginez egotea. Bazen ordua norbaitek esatekoa! Benetan ari nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.