Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Kontuz

2013ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Deklaratu du etxepean izan dituen bitartean ez diotela bizitzen utzi. Iraindu egin dutela, eta mehatxatu, eta etxetik irteteko beldurrez egin dituela egunak, eta etxean noiz azalduko beldurrez gauak. Eta, hala ere, artxibatu egin du fiskalak gazteen aurkako salaketa. Hortantxe geratuko da lau hilabete lehenago hasitako auzia.

Hasiera dezentez lehenago du berez, auziz auzi bizitzeko kapritxoa duen bizilagunaren historiala aztertuz gero. Salatu ditu urtetan salatu litezkeen guztiak. Denek dakite gezurretan aritu dela. Baita gazteek neurriz kanpoko zarata ateratzen zutelako egindako telefono deiengatik etxepera inguratutako ertzain eta udaltzainek ere. Zarata handiegia ateratzen zuten gazteek ez zutelako artean lokaleko giltzarik. Zaratarik ez ezik, gazterik ez zelako han. Hura izan zen lehendabizikoa.

Saiatu dira gazteak konponbidea topatzen. Udaleko ordezkariekin bilerak egin dituzte, joan dira bizilagunarengana konbibentziarako arauak errespetatuko dituztela esatera (salaketa akosoagatik). Alferrik. Konponbiderik nahi ez duenarekin ezer konpontzea ezinezkoa da.

Lokala utzi dute, azkenean, udalak mesedez hala eskatuta. Husteko eguna iritsitakoan bizilaguna ate parean. Probokazioa ematen du, baina bere ataria ere bada. Eta han hitz trukaketa.

Bukatu da oraingoz. Guraso batzuek txanpon berarekin ordaindu nahi diote. Salatu egin nahi dute bizilaguna, gezurrezko akusazioak egiteagatik eta akosoagatik. Beste batzuek, nahiago ahaztu.

Herritar honen izena eta helbidea idatziko nituzke bere salaketa-sarean hurrengoa ez zaitezen zu izan, baina jakina, auzia artxibatuta, beste salaketa baterako aitzakia bila ibiliko da. Herritar batzuek uste baitute justizia beren biziezina konpontzeko dela. Eta kalte-ordainak zor zaizkiela gustatzen ez zaien gauza bakoitzeko.

Kontuz zu ere. Zertaz jabetzerako salatuko zaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.