Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Larrosa

2013ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Udaberriko eguzki falta izanen da, baina Parisen loratu den larrosari kiratsa dario. Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargoaren arrazoiei erantzun gabe, eskualdeka udalak biltzen dituzten hamar herri elkargoen batura eginen duen makro sasi egitura bat sortuko da, bart Frantziako senatuak onartu zuenez.

Ipar Euskal Herriak behar duen departemendu, eskualde edo Estatuko eskumenik gabe, udalenak diren eskumenak bere eginez, berezko aurrekonturik gabe, hauteskunderik gabe, delegazioz arituko da egitura berria. Egitura kudeaezina, urrats ñimiñoena ere herri elkargo guztien ahobatekotasunez egin beharko baitu.

Parisek beti bezala erantzun du, ezetzik eman gabe, baina galdegiten zitzaionari arraposturik eman gabe. Politezia deitzen omen diote...

Hautetsi sozialistak ahal zuten guztia egin dutela konbentzituta egonen dira. «Hori ala deus» zela argudiatu dute. Baina egiteko moldea itsusia izan da, zinez.

Garapen Kontseilua tresnak bizirik irauteko beste aukerarik ez zegoela diote. Baina Garapen Kontseiluak bere existentzia berezkoa du, 1901. legearen araberakoa, eta Parisek nahi badu, bizirik iraunaraziko du, lurralde elkargoa izan, pays egitura atxiki edo sasi egitura kudeazin hori sortu.

Baina Paris tronpatzen da uste duelarik afera horretan bukatuko dela, euskal eragile zibil etapolitikoek atetik botatako sindikatu misto gisako sasi egitura,leihotik sartuz. Peillonen eskola legeak irakaskuntza eta oro har euskararendako lege babesa aseko ez duen gisan, sasi egitura horrek ere ez gaitu aseko. Ala Parisi gure hizkuntza eta herriaren heriotza kudeatzen utzi behar ote diogu?

Larrosari kiratsa dario, kantatzen zuen Zestoako Lin Ton Taun talde mitikoak laurogeita hamarreko hamarkadan.

«Zuen menpe egotea da gure okerra / burutik oinera zikinkeri ederra / Hauen demokrazia

herriaren minbizia [...]».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.