Hur Gorostiaga.
Larrepetit

26. zenbakia

2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Udazken, negu eta udaberrian itxirik ziren etxeetako leihoak irekitzen hasi dira kostaldean. Urte guzian hutsik egon diren etxebizitzak aste baterako edo hamabost egunerako beteko dira uda honetan berriz ere. Baina beste anitz, aldiz, udan ere zerraturik egonen dira, aurten jabeek munduko beste zoko batetarat bakantzetara joatea deliberatu baitute.

Alokairuzko etxebizitza baten zain direnak 6.000 herritar baino gehiago dira Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan, ezin baldintza egokitan aterpetuz. Eta memento berean, kasik 45.000 bigarren etxebizitza edo etxe huts ditugu gure lurraldean: bi etxetik bat, Donibane Lohizunen adibidez.

Merkatu espekulatiboan saltzaileak, berehalako irabaziez itsuturik, ez du so egiten eroslea bertakoa edo kanpokoa den. Baina kanpotarrek erosteko ahalmena handiagoa dutenez, gaur egun merkatuan diren etxebizitzen erdia baino gehiago kanpotar erosleei buruz joanen dira. Eta aski da auzo batean etxe bat prezio gora batean saltzea ondoko etxe guzien balioa goratzeko... Eta saltzen ez den etxea, hobe hutsik...

Lurra lantzen dutenendako, etxebizitza bertan bizi direnendako, dio aspaldiko leloak. Baionako Plantoun auzoan etxe berri sorta eraiki zuten, baina eraikuntza hutsegite bat tarteko, dozena bat etxe huts gelditu dira. Etxe berri-berriak, ezin salduak ezin alokatuak, baina arrunt bizigarriak.

Administrazioak kezka guti ukan du orain arte, heien ametsa birrindurik ikusi duten jabeekin. Baina 26. zenbakira, aterpe baten beharrez, okupatzaileak iritsi direnean Taupadaka esnatuz lotan daudenak, dena mugiarazi dute bat-batean. Auzitaratu dituzte, eta ondoko etxe guztiak harresiz itxi, alarmak ezarri, zaindariak kontratatu beste inor sar ez zedin.

Les Mecaniciens, Javier Muguruzaren taldeak zion gisan, etxe eskubidea denok daukagu, baina zenbat balio ote du eskubide horrek...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.