Iratxe Retolaza Gutierrez.
Larrepetit

Elkarrekin

2014ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Urteotan PPko zinegotzi klandestino izan omen dena —hark esana—, aurpegi mediatiko bihurtu da azken astean, Salvados saioko elkarrizketaren ondoren. Chema Herzog, Errenteriako zinegotzia. Ozen esan zuen torturatu egin dela (elektrodoak, bainera...), ezbairik gabe. Aztoratzeko modukoa izan zen aitorpena. Izutzekoa, erantsitako diskurtsoa. Torturatzailearengan fokua jarri, eta ez zuen ba adierazi halako zerbait: polizia edo guardia zibilari zegokiola agindua ez betetzea, eta kargua uztea. Inkomunikazio-legeak eta Barne Ministerioa aipatu ere ez. Boterean dagoen alderdiaren zinegotzi izan, eta ez da sentitu, antza denez, halako biolentziaren arduradun —ezta PP erantzuletzat hartu ere—. Torturaren kasuan, arduradun bakarra torturatzaile zuzena omen. Ez zen ardura penalaz ari —ez baitzuen aipatu ikertu behar zenik, ez epaitu behar zenik—. Ardura politiko edota etikoaz ari zen soilik.

Ez da hori, bada, PP alderdiaren diskurtsoa, ez eta praktika ere, besteez ari dela, noski. Ezker abertzaleko kide=ETAkide=hilketen eragile diskurtsoaren oinarrian, ardura-kate amaiezina eraiki zuen—lotura zuzenik gabekoa—. Ez zuen ardura politiko edota etiko hutsa izendatu, ordea, auzi penal ere bihurtu zuen.

Elkarbizitzan urratsak egin direla irudikatu nahi zuen erreportajeak, dirudienez. Horretarako, hiru alderdi politikoetako ordezkariak —Bildu, PSOE, PP— jarri zituen mahai baten bueltan, elkarbizitza horren erakusle edo. Elkarren ondoan esertzeko prest. Jakina, baldin eta eskakizun zenbait aipatzen ez badira, baldin eta zenbait kontu isilarazi egiten badira. Aste honetako hainbat gertaera, kasurako: Iruñeko gazteen atxiloketak, abortuaren kontrako lege zapaltzailea, immigrazio-politika hiltzaileak, preso gaixoekiko jazarpena, derrigorturiko doluak, 26/11 eta 35/02 auziak... Elkarrekin esertzeko prest, haien joko-taula onartzen bada. Ez gaitezen engaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.