Xabier Leteri, esker onez, Ondarroa arrantza herriak

Imanol Oruemazaga

Ondarroako Kresala elkartea -

2010eko abenduak 24
Agur, Xabier. Zeure heriotza ondoren ez zaizu falta gorapenik eta esker onik hor eta hemen. Ondo merezitakoak, gainera.

Irakurri dituzu, Xabier, Jexux Mari Irazu bertsolariak azken Argia aldizkarian (2010-12-19, 22. or.) eskaini dizkizun bertsoak? «...Itsasontzia badoa olatueri musuka, ongi-etorria zeinek egina izango duzu-ta» bertsoak ez al dizu gogorazi Ondarroako arrantzaleei eskaini zenien Atako Bandan olerki sakon bezain minberatua?

Ondarroa Arrantza Herriak maiz —maizegi zoritxarrez— sufritu izan du bere semeak itsasoaren olatuekin borrokan galtzerakoan. Baina 1973ko negua egiatan tragikoa izan zen. Aita batek —etorkina— 16 urteko semea ekaitzaren olatu artean hondoratzen ikusi zuen. Handik hilabetera, seme batek, amorruz eta ezinez ikusiko zuen nola itsasoak irensten zion bere aita.

Zu, Xabier, izan zinen ahotsa eman zeniona aita erdi erotu hari:

«Nik banuen seme bat, nik

[banuen lore bat,

orain betirako hila!

Biok etorri ginen lurralde

[urrunetatik

ogibidearen bila.

Itsaso gogor hontara iritsi

[ginen eguna

madarikatu dedila.

Madarikatu dedila

[indarraren indarra,

mila bider gogaikarri lanez

[lehertu beharra,

itsaso kupidagabe, gaizto eta

[zakarra,

hik eragiten baitiguk oihua

[eta negarra».

Baita ahotsa eman zenion bere aita olatuen artean urperatzen ikusi zuen seme minberatuari ere:

«Itsaso bihotz gogor

[madarikatua,

errukirik gabeko pizti

[erratua,

nere aita jatorra didak

[lapurtua,

bortxakeriz eraman ta

[urperatua.

Itsasoa, itsaso lapur erailea,

gure gizon jatorren

[menperatzailea.

Izadiaren indar bihotz gabea,

pizti ikaragarri bizitzen

[jabea».

Itsas tragedia hartan partaide izan ziren arrantzaleen emazte eta ama, itsasoa, arrantza-ontziko patroi eta jabeari ere ahotsa maisuki eman zenien zure olerkian, bakoitzari zegokion erantzukizuna salatuz.

Arrantzale herriari zegokion beste atal bat gehitu ondoren, Gotzon Aulestia ondarroarrak jarri zion musika. Eta Jon Oñatibia oiartzuarrak koreografia «Arrantzale Herria»-ri zegokion amaierako atalari.

Geroztik, ikuskizun zirraragarri hura Ondarroako Kresala kultur elkartean bildu ginen 100 bat ondarroarrek (tartean genituen mutrikuar abeslari batzuk ere) eskaini genuen Euskal Herriko hainbat antzoki, frontoi, enparantzatan. Baita elizetan ere.

Han eta hemen jaso genituen txalo zaparradak zuri, Xabier, eskaintzen dizkizugu, zure omenez eta gure esker onez.

Ziur gaude ongietorria eman dizutenen artean han egon direla zuk bizia eta ahotsa eman zenizkien arrantzale gaixo bi haiek. Baita mundu zabaleko itsasoetan galdu izan diren beste arrantzale guztiak ere.

«Biziagatik bizia arriskatzen duten» arrantzale kementsuen borroka eta heriotza olerki hunkigarri batean betiko zizelkatuta utzi diguzuna zeu izan zara, Xabier!

Esker mila, Xabier, arrantzale herriari jarein diguzun opariagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna