Historia berri baten abiapuntua

2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Kataluniak hauteskunde historikoak biziko ditu. Izan ere, Kataluniar Estatua sortzearen aldeko zeharkako kontsultatzat jo dira hauteskundeak. Oraingoan, alderdi abertzaleek helburu baten aldeko botoa eskatzen dute: estatu librea. Prozesu zehatzaz eta epe konkretuetaz gauza gutxi dago ondo definituta, baina hurrengo legebiltzarrak gehiengo abertzale nabarmena badu, behin eta berriz esan dute arduradun politiko nagusiek, Mas President-a buru, bide horri ekingo zaiola. Espainiarekin itun politikoa lortzeko esfortzuak alboratuta, Kataluniak emantzipazio nazionalaren bideari ekin nahi dio. Prozesu honek, ordea, gehiengo abertzale nabarmen batean du abiapuntua. Horixe da, hain zuzen, hurrengo hauteskundeen erronka.

Independentismoak gora egin du nabarmen azken urteetan Katalunian. Azken Diadan ikusitako manifestazio erraldoia errealitate sozial baten isla izan zen. Bertan, Espainiaz politikoki, sozialki eta ekonomikoki neka-neka eginda dauden milaka kataluniar bildu ziren. Sozialki,espainiarren eta kataluniarren arteko loturak ahuldu egin dira azken urteetan. Katalanofobiaz hitz egitea gehiegizkoa izan daiteke agian, baina kataluniarrek ez dute beren burua estimatua edo behinik behin errespetatua ikusten. Bestalde, ekonomikoki, Kataluniak ez du gehiago espainiar estatuko finantza errejimen orokorrean jarraitu nahi. Arazoa ez da beste erkidego batzuekiko izan beharreko elkartasuna; elkartasunaren kopurua da arazoa, eta elkartasun kopuru horren truke Kataluniak jasotzen duena. Emandakoaren eta jasotakoraren arteko aldea izugarria den perzeptzio konpartituraren ondorioz, eragile ekonomiko guztiak daude sistema aldaketa baten alde. Kausa politikoak ere garrantzitsuak dira: 2006ko Estatutaren prozesuak etapa baten bukaera markatu zuen. Izan ere, Estatuta kataluniar herriaren borondatearen erakusgarri izanik, kataluniarren borondateak Espaniaren interesei beti men egin beharko diola garbi utzi zuen Auzitegi Konstituzionalaren epaiak.

Aukera sinplea da, beraz. Espainiar subiranotasunari men eginez galera ekonomiko garbia dakarren estatusa onartu edo espainiar estatua utzi eta kataluniar estatua sortu. President-ak bigarren aukera hautatu du, eta beraz, prozesua hasi aurretik herriaren sostengua zenbatekoa den neurtu nahi du.

Alderdien analisiak hauteskundeen gakoak eskaintzen dizkigu. CiU Artur Mas da. Koalizioak baino gehiago, Artur Masek bilduko ditu azkeneko hauteskundeetan CiUk izan ez zituen boto berriak. CiU aitatu ere egiten ez duten Masen aldeko manifestuak eta plataformak sortu dira, eta Joan Carreteroren Reagrupament alderdiak Masen aldeko kanpaina egiten du. CiUk gehiengo osoa lortu nahi du, baina lortzen ez badu ere, bigarren alderdiaren diputatu kopurua hirukoiztu egingo du CiUk. Kataluniaren urratsak zeintzuk izango diren erabakitzeko boterea ematen dio nagusitasun horrek Artur Masi.

Hauteskunde garrantzitsuak dira ERCrentzat. Talde berri eta diskurtso berriarekin aurkezten dira. Ezkerra abertzaletasuna baino garrantzitsuagotzatjotzen zuteneko garaiak atzean utzi ditu. Hots, litekeenagoa da aliantza estrategikoa egitea CiUrekin PSCrekin egitea baino. Azken biltzarretan onarturiko ildo politikoaren aldaketaren sostengua da ERCk jokoan duena.

Egoerarik zailena PSCk du. Azken urteetako bilakaera politikoak alderdi barruko katalanismoaren defendatzaileak alboratu ditu, eta ondorioz, bere kutsu katalanista asko ahuldu da. Gainera, egonkortu gabeko lider berria du. Hortaz gain, proiektu politikoa sinesgarritasun gutxikoa da, Kataluniaren eta Espainiaren arteko erlazioetarako PSOE alderdi berak errefusatu duen federalismoa proposatzen baitu.

Hauteskundeetako berritasun handiena CUP alderdia da. Kataluniako ezker abertzaleak lehenengo aldiz aukeztuko du bere burua hauteskundeetara. Inkestek 0 eta 3 diputaturen artean kokatzen dute emaitza. Izan ere, Solidaritat alderdiari egingo dio kalte CUPen agerpen politikoak. Orain bi urteko egoera asko aldatu da Solidaritatentzat. Azkeneko hauteskundeetan, aldeko bi elementu oso garratzitsu izan zituzten: Joan Laporta eta besteengandik bereizten zen proiektu politikoa. Egoera horretan emaitza oso onak lortu zituen. Oraingoan, aldiz, independentziaren aldeko bozka jaso dezaketen indarrak lau dira, eta printzipioz, banaketa horretan zati txikiena hartuko duena Solidaritat da.

Eta espainolismoa? Kataluniar estatuaren aldeko zeharkako plebiszitoan, espainiarrekin Batasuna defendatzen dutenen aktibazio politikoa gertatzea logikoa da. Ondorioz, PPk eta Ciutadansek, aktibazio «unionista» horren bidez, beren ordekaritza handiagotuko dute.

Azaroak 26an Katalunia independente bat ikusiko ote dugun ez dugu jakingo, baina, estatu propioa sortzeko prozesua martxan hasten ote den jakingo dugu. Prozesuak Espainian, Europar Batasunean eta Katalunian bertan oztopo ugari izango ditu, baina zalantzarik gabe herri baten ilusioz pizturiko dinamika historiko baten parte gara hemen bizi garenok. Eta ezin ukatu hemen bizi garen euskaldunok pozik baina inbidiaz dakusagula une hau. Ea guk noiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.