Oroimenaren bidetik Argentinarantz

2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Duela gutxi ospatu da Euskal Herrian Memoriaren Eguna. Horrelako egun bateko ospakizunek huskeria dirudite, baina gisa honetako liturgiak gizarteari bizi deneko kontzientzia eta sentsazioa sorrarazten dizkio. Gerta daitekeena da, bizitzako arlo guzietan bezala, liturgiak ez badira benetakoak eta berritzaileak hutsean, azalean geratzeko arriskua dutela. Memoria egunean biktima ororen sufrimendua ospatzen da eta ospatu nahi da, PPn izan ezik, sufrimendua bereizi egiten baitu. Biktima ororen sufrimendua esperientzia da; esperientzia pertsonala, sakona eta lazgarria; egin daitekeen bakarra, enpatizatu, entzun eta lagundu. «Desberdinak sorreran, berdindu egiten dira biktima bilakatzean» (Etxeberria, Aranzadiko Presidentea).

Egun, halere, memoriak sufrimendu eta biktima asko eta askotarikoak biltzen ditu, eta ez legoke gaizki bakoitzari bere izena jartzea baztertua inor senti ez dadin. Memoria luze-zabala da, eta, agian, gaur, gizarteak inoiz baino biziago sentitzen du. Horren harira, Talde Memorialistak ere ugaritu dira bakoitzak garai konkretu bateko biktimak gogoratuz; eta, neurri batean, Memoria bidez, justizia,erreparazioa, inpunitaterik eza eta eginiko kaltearen errekonozimendua lortu nahian, noski, eta bizikidetza hobe eta orekatuagoa eraikitzeko asmotan. Denek plataforma bat osatzen dute. Ni neu Goldatu izeneko talde memorialistako kidea naiz, eta, aipatu garai haietan (1964-1977) jasandakoa Servini epailearen aurrean deklaratzera noa.

Alabaina, ez da erraza orainetik iragana bizitzea; baina, bestalde, beharrezkoa eta garrantzitsua da norbere eta gizarte bizikidetzarako. Ni neu, aipatu garai haietan, 1967tik aurrerakoaz ari naiz, fraide frantziskotarra nintzen, eta manifestazio, elizetako itxialdi eta ondoriozko multen ondoren hamar urteko espetxe zigorra jarri zidaten. Multak zirela medio, Gipuzkoako Hierarkiak eta fraideen nagusiek, Frankori men eginaz, zigorra komentu batean betetzeko aukera ematen ziguten. Baina guk beste presoekin bete nahi genuen zigorra. Frankismoak, ordea, bere eta Elizaren arteko harremana zaindu nahi zuen, eta, tirabira askoren ondorioz, Zamorako konkordatu-kartzela ireki zuten. Zamorako kartzelaren barnean zigortu gabeentzat zuten zati iluna eman ziguten, beste presoengandik bakartuta, noski. Alberto Gabikagoeaskoa Bizkaiko apaiz sekularrak inauguratu zuen, eta hurrengo egunean nire adiskide Juan M. Zulaika eta biok eraman gintuzten.

Behin ireki eta gero, Zamorako kartzelatik apaiz eta fraide mordo bat iragan zen. Ni neu, hiru urte inguru iragan ondoren, sekulartu egin nintzen, eta preso politikoak zeuden espetxeetatik iragan nintzen edozein preso herritar gisa. Besteak han geratu ziren. Handik pasatako zenbaitek Argentinako Servini epailearen aurrean kereila aurkeztua dugu. Ni deklaratzera noa, jakin baitugu epaileari interesatzen zaiola Elizak 1936ko gerra zibilean eta ondorengo urteetan, gure garaian alegia, izan zuen konplizitate maltzurra. Nire edo Zamorako espetxean egondakoen kasuan bi zati daude: bata, edozein herritarrek sufritu genituen tortura eta tratu txarrak; eta bestea, Elizaren konplizitatea salatu, unibertso horretan geundenez.

Elizaren Konplizitate hori, bada, nire kasuan guztiz argia da, nahiz eta nik Gipuzkoakoa bizi izan nuen, Gipuzkoako Gobernu Zibilean jasan izan bainituen torturak. Irakurri izan dut Elizbarrutiko oinarrizko talderen baten idatzian Gipuzkoan Eliza beti egon dela indarkeriaren aurka, beti gaitzetsi izan duela, alegia. Hori ez da egia, nik neuk bizi izan dudalako, nire esperientzia pertsonala delako. Orduan, elizgizon eta hiritarrek sufritu genuen giza eskubideen aurkako zapalketa eta urraketaren aurrean, Elizako Hierarkia eta fraideen nagusiak ez ezik fraide gehientsuenak bere isiltasunarekin konplize bilakatu ziren, eta, zenbaitetan, frankismoaren alde ere egin zuten aktiboki. Orduan Jaxinto Argaia zen gotzaina, eta frantziskotarren burua ere euskalduna, nola ez. Oraindik bizirik izanen da. Biak frankismoaren errepresioaren konplize izan ziren nahiz Zamorako kartzelaren diseinuan. Eta ez nik, ez Zamoran egon ginetariko inork ez diogu entzun Elizari barkamen hitzik. Egia esan, gaur ez nago unibertso horretan, eta ongi legoke gutxienez publikoki izandako jarrera aitortzea. Baina, nahi badugu, guztioi barkamena eska diezagutela. Torturatzaileei besterik litzateke. Gaur ez diet gorrotorik, baina epailearen aurrean justizia, egia, inpunitaterik eza, aitorpena eta zigorra betetzea eskatuko dut, inongo pribilegiorik gabe, noski. Asmo horrekin noa epailearen aurrera.

Argentinan hasten den bidaiaren ibilbidea? Auskalo!! Bizirik dauden bi torturatzaileren estradizioa: Bily el Niño eta Jesus Muñecas guardia zibilarenak, alegia. Baina azken hitza Gobernuak badu...

Bukatu aurretik, Juan Mari Bandresi In Memoriam bero bat, abokatu eta adiskide izan bainuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.