Xabier Isasi Balanzategi.

Hizkuntza politika berria

2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskaldunen proportzioak 0,2 puntu behera jo du; Nafarroa Garaian, berriz, 2001-2011 tartean euskaldunen proportzioak 2 puntu gora egin du, 2011. urteko zentsuko datuen arabera. Datu horiek eta egoera soziolinguistikaren azterketak ez dute inolako oihartzunik, inon ere ez.

Euskararen hiztun elkartea erasoaldi berriaren jo puntuan ipini dute. Ikastolen aurkako erasoa Iparraldean, D ereduaren aurkako jazarpena Nafarroa Garaian, Espainiako Erresumako ordezkariaren oldarraldia udalerri euskaldunen aurka eta osasun- eta justizia-zerbitzuetan ohiko hizkuntza eskubideen urraketak. Denak egoera soziolinguistikoaren gertaera esanguratsuak. Labur-zurrean, oraingo egoera soziolinguistikoaren deskribapena.

Jaurlaritzaren X. legealdia hasita, Euskararen Aholku Batzordea berritzeko, EAJk 2 postu hartu zituen eta EH Bilduri, PSE-EEri eta PPri postu bana utzi zien. EH Bilduk utzi zion lekua Kontseiluari, Jaurlaritzak baztertzen zuelako. EH Bilduk ez dauka ordezkaririk Aholku Batzordean. EH Bildu baztertuta geratu zen. Aparteko erantzunik ez zen izan.

Patxi Lopezen IX. legealdian adostutako Euskararen Sustapenerako Ekintza Plana (ESEP) Gasteizko Legebiltzarrera eraman zutenean, EH Bilduk plana berregitea eta 7 ebazpen proposamen aurkeztu zituen. EAJ eta PSE-EE elkar harturik zeudela ikusirik, aurkeztutakoak atzera laga eta bozketan ez genuen parte hartu. EH Bildu zokoraturik, ESEPk bere bidea egin du.

Joan den urteko ekainean, IV. Plangintzaldiko (2008-2012) Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren amaierako ebaluazio txostena Gasteizko ganberan aurkeztu zuten. EH Bilduk bere egin eta aurkeztu zituen sindikatuek eta euskalgintzako eragileek helarazitako ekarpenak eta iradokizunak. EAJk eta PSE-EEk, elkar harturik, denak baztertu zituzten.

Urte honen hasieran, HPSk V. Plangintzaldiko (2013-2017) Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia aurkeztu du. Aurkeztu ere, ekarpenak egiteko inolako aukerarik eman gabe eta langileekin hitz egin gabe. EH Bilduk azaldu zuen ez zela onargarria eta berregin behar zela; ikusirik gure proposamenak azaltzeko aukerarik ez zegoela, EH Bilduk euskararen erabilerari buruzko eztabaida monografikoa egitea eskatu zuen. Apirilean egingo da.

Udalerri euskaldunen aurkako erasoaldia zela eta, EH Bilduk ekimen batzuk aurkeztu zituen Espainiako Erresumako ordezkariaren jazarraldia eteteko. Besteak beste, kontratazio publikoetarako hizkuntza baldintzei buruzko Legez Besteko Proposamena. Legebiltzarreko mahaiak erabaki zuen Kultura Batzordean eztabaidatuko zela, Osoko Bilkuran eztabaidatu beharrean. Martxoaren 28an.

Gasteizkoan aspaldi jasaten ari gara PPren eta, batez ere,UPDren euskararen normalizazioaren aurkako gutxiespenak. Esaterako, garrantzitsua ez bada ere, azkena, Talde Mistokoaren mozioa izan da. Mozio horretan eskatzen zuen udazkeneko Lan Eskaintza Publikoetan (LEP) hizkuntza eskakizunik ez ezartzea. EH Bilduk honako osoko zuzenketa hau aurkeztu zuen:

Legebiltzarrak EITBri ohartarazi nahi dio euskaraz diharduen hedabide-eite publiko bakarra dela, eta, horregatik, berariazko erantzukizunak dituela hizkuntzaren normalizazioa lortzeko eta euskararen sustapen jardueretan. Halaber, Legebiltzarrak eskatzen dio EITBko zuzendaritzari euskararen erabileraren normalizazioa lortzeko behar besteko erabakiak har ditzala, bereziki, EITBko kontratazioetan eta EITBrentzat lan egiten duten enpresen kontratazioetan. Lanpostuetako hizkuntza eskakizunetan eta kontratatutako langileen hizkuntza gaitasunetan berma dezala euskararen erabilera maila jasoa izan ahal izatea.

Hizkuntza politika berritu beharra dago, bistan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.