Errepublikanismoari buruz zenbait gogoeta

2014ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Eibartarrak izan ziren lehendabizikoak udaletxeko balkoian espainiar bandera errepublikanoa eskegitzen. 1931ko apirilaren 14ko goiza zen, eta ofizialki errepublika aldarrikatzeke zegoen oraindik. 83 urte beranduago, eraikin ofizial askotan espainiar bandera berbera eskegitzen jarraitzen da. Hori egitearen arrazoiak, ordea, ez ditut sekula oso ongi ulertu.

Apirilaren 14ko gau hartan bertan, erregeak Frantziako muga zeharkatu zuen. Zenbait historialariri kasu eginez gero, «espainiar II. Errepublika Euskal Herrian jaio zen». Ez bakarrik Eibarko gertakariagatik, baita 1930eko abuztuan Donostian etortzear zegoen errepublika diseinatzeko Estatuko errepublikano nagusienak eta zenbait sozialista elkartu zirelako ere.

Eibartarren ausardia hura ulertzeko, ordura arte Euskal Herrian errepublikak izan zuen atxikimendua azaldu behar da. Hegoaldeko lau probintzietan bizitako gertaera errepublikanoak duela gutxi arte ezezagunak bazitzaizkigun ere, kaleratzen ari diren azken ikerketei esker, probintziotako errepublikanismoaren mapa osatzen ari garela esan dezakegu. Aipaturiko adibideez gain, Eibarren eta Irunen, esaterako, Berrezarkuntza osoan zehar errepublikanoak izan ziren indar nagusia, eta Bilbo eta Donostia gune kuttunak izan zituzten, udal hauteskunde askotan gehien bozkaturiko indarra izatera iritsiz. Estatu mailako zenbait ekimen garrantzitsu ere euskal lurretan ospatu ziren. 1869ko ekainaren 23an, esaterako, berriro Eibarren, hegoaldeko lau probintzietako ordezkari errepublikanoak elkartu ziren Eibarko Paktua sinatzeko. Paktuaren helburua egun modan jartzen ari den espainiar errepublika federal baten pean euskal estatu federal bat antolatzeko oinarriak ezartzea izan zen.

Ia 30 urte beranduago, lau probintzietako errepublikanoak berriro bildu ziren antzeko saio bat egiteko, orduko hartan, Altsasun. Bileraren osteko mitinean, espainiar errepublikanismoaren zuzendaria zen Nicolas Salmeronen ahotik, probintzion autonomia politiko eta ekonomikoaren aldeko diskurtsoa entzun ahal izan zen.

Errepublikano historiko haiek euskaltzaleak eta foruzaleak izan ziren, eta foruzaletasun horretan oinarrituz, euskal errepublikanismoak oinarri federal indartsua mantendu du historian zehar. Hori zatekeen, gehienbat, hain hurbil sentitu ziren gainontzeko espainiar errepublikanoengandik ezberdintzen zituen ezaugarri nagusia. Bestalde, errepublikanoak, orokorrean, demokraziaren aldeko diskurtsoagatik, korronte modernoekiko atxikimenduagatik eta laikotasun sutsuagatik nabarmendu ziren.

XX. mendearen hasieran, beste zenbait saio egin zituzten euskaldunek, hegoaldeko lau probintzietako ordezkariez osatutako partidu autonomoak antolatu eta Estatu mailako errepublikanismoari egitura federal bat emateko, baina euskal nazionalismoaren eta sozialismoaren agerpen indartsuek errepublikanoen iraupena zaildu zuten, bai Euskal Herrian baita Estatu mailan ere. Sozialismoak poliki-poliki errepublikanoen oinarri soziala bereganatu zuen, eta euskal nazionalismoak eta separatismoaren mamuak errepublikanoen laikotasuna eta españolismoa sakondu zuten.

Aipaturiko bi korronte politiko horiek, bakoitzak bere erara, momentuko egoera politiko eta soziala aldatzeko planteamendu indartsuak aurkeztu zituzten, eta poliki-poliki ordura arte errepublikanismoak bete zuen lekua hartu zuten, batez ere, sozialistek, nahiz eta bai batak eta bai besteak Estatuaren antolamenduarekiko gogoeta sakonik egin ez.

II. Errepublika arte, sozialistak eta euskal nazionalistak ez ziren errepublikaz askorik kezkatu, eta nazionalistei dagokienez, II. Errepublikaren amaiera arte ere errepublikarekiko erakutsi zuten atxikimendua oso ahula izan zen, besteak beste, esan bezala, historikoki errepublikanismoa laikotasunarekin identifikatutako ideologia politikoa izan zelako.

Ziur asko euskaldunen artean errepublikarekiko atxikimendu handiena Gerra Zibilean azaleratu zen, baina gerra galdu izanak eta ondorengo diktadurak plano politikotik kultura politiko errepublikanoaren zantzu guztiak ezabatu zituzten. Horrek azaltzen du, besteak beste, Trantsizioan errepublikaren aldeko mugimendu handirik agertu ez izana edota gaur egun ere, oraindik, errepublikaren aldekotasuna zalantzagarria izatea.

Egia da espainiar monarkiarekiko aurkakotasuna handitzen ari dela; duela gutxi lehendakariak berak egindako adierazpena da horren adibide garbia. Baina hortik eta Estatu egitura berri baten inguruko gogoetak egitera jauzi handia dago. Monarkiaren aurka egotea errepublikaren alde egotea dela ulertzen bada ere, Errepublika baten aldeko jarrera zuzenak oso ahulak eta momentu puntualetan azaleratzen direnak dira Euskal Herrian. Adibide garbi bat ematearren: urtero apirilaren 14an, (independentisten artean ere) ugari ikusten dira espainiar bandera errepublikanoak. Euskal estatu independente bat irudikatzeko ikurrina erabiltzen den moduan, estatu horren egitura demokratiko eta errepublikanoari erreferentzia egin nahi zaionean, sarri espainiar bandera erabiltzen da. Hausnarketa historiko-politiko batek baino gehiago, gerran aritutako gudarienganako sentimenduek eragindako adierazpena izan ohi da. Hori horrela, agian data adierazgarriago batzuk baleudeke Gerraren eta Frankismoaren sarraskien ondorioak gogoratzeko: apirilaren 26a, ekainaren 19a...

Historialarioi ez dagokigu bakoitzak zein bandera erabili behar duen esatea, baina bai bandera bakoitzaren atzean ezkutatzen den historia azaltzea. Eta 83 urte beranduago, Euskal Herrian euskal errepublikanismo propio bat eraiki nahi bada, lehendakariarengandik hasita, eibartarrek 1931n eskegi zuten banderaz gain beste hamaika erreferentzia propio ere badaudela gogoraraztea zilegi litzateke, batez ere, gaurko egunean, non espainiar banderaz betetzen ditugun inguruko eraikin eta kale guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.