Tere Maldonado.

(Ez) abortatzeko arrazoiak (I)

2013ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Haurdun geratu den emakume batek zergatik erabaki dezake haurdunaldia etetea? Horrelako erabaki baten atzean, bi motatako arrazoiak egon daitezke: nahi gabeko haurdunaldia izan dela, edo, nahita izanik, jaio aurreko diagnostiko probek berri txarrak ekarri dituztela. Lehenengoari helduko diogu oraingoz, eta bigarrena aztertuko dugu beste batean.

Azter dezagun lehenengo kasua. Abortatzea erabakitzen duten emakume gehienek erabaki hori hartzen dute haurdun geratu direlako euren desiraren kontra. Kasu horretan, nahiko argi dago zer egin behar den abortuen kopurua murrizteko eta, agian, ia guztiz desagerrarazteko: nahi gabeko haurdunaldiak ez egotea lortu. Halakorik ez balego, abortatzen duten emakume gehienek ez lukete abortatu beharko. Baina zelan lortu ahal dugu hori, bada? Proposamen anitz daude. Esaterako, eskuma katolikoak abstinentzia sexuala defendatzen du sutsuki. Eta puntu batean behintzat, arrazoi osoa dute, egia baita harreman (hetero)sexualak egon ezean ez dela nahi gabeko haurdunaldirik suertatuko. Argi dago. Baina gauza bera esan dezakegu homosexualitateri heltzen badiogu: espeziea ugaldu nahi ez dugunean, harreman homosexualak besterik ez bagenitu izango guztiok, ez legoke haurdunaldirik (horrez gain, jakina, harreman heterosexualen barnean, badaude, egon, praktika sexual asko haurdunaldira ez daramatzatenak). Batzuek pentsatuko dute hau tontakeria hutsa dela. Ba, bai eta ez. Izan ere, (ez da tontakeria) egia da, abstinentziaren kasuan bezala, praktika sexual askok ez dutela haurdunaldiaren arriskurik. Baina, bestalde (bada tontakeria), ez dira oso neurri errealistak populazio osoari proposatzeko. Askok ez dute abstinentzia praktikatu nahi (eta ez dute zertan), ezta harreman homosexualak probatu ere (zorionez edo zoritxarrez, horretan ez naiz oraingoan sartuko). Baina ez larritu: abstinentzia ez baduzu erakargarri ikusten, ez bazara homosexualitatea praktikatzen animatzen, eta penetrazioa gustukoa baduzu, oraindik ere, beste aukera daukazu: antisorgailuak behar bezala erabiltzea.

Baina aurreko guztia martxan jarri ahal izateak bi baldintza aurresuposatu eta inplikatzen ditu: heziketa sexuala eta generoen arteko berdintasuna. Badirudi nahiko argi dagoela sexu-heziketa egokia behar dugula nahi gabeko harreman heterosexualetan haurdunaldiak murrizteko. Baina emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzea ere oso garrantzitsua da: antza denez, emakume gazte (eta ez gazte) askok ez dute, adibidez, kondoia erabiltzen, sarritan, bikotekideak ez duelako nahi.

Beraz: katolikoek abstinentzia praktikatuko balute, beste batzuk homosexualitatearekin animatu, berdintasunaren aldeko ahaleginak egingo bagenitu, eta sexu-heziketa egokia zabalduko eta bermatuko balitz, ez litzateke egongo ia nahi gabeko haurdunaldirik. Amaitu da arazoa, edo gutxienez arazoaren parte handi bat.

Baina ez. Madrilgo gobernuan dagoen eskuma katoliko muturrekoak ez du arazoarekin bukatu nahi. Aldrebes: arazoa bultzatu eta sakondu nahi dute gobernuko integristek. Izan ere, muturreko eskuma katolikoko kideek ez dute ukatzen bakarrik emakumezkoon abortatzeko eskubidea. Mundu guztiak dakien legez, ikastetxeetan eta hezkuntzaren Curriculumean sexu-heziketa egotea ez dute onartzen, ezta berdintasuna bermatzea ere. Eurentzat, sexualitatea ezin da kontsideratu, berez, helburu; bitartekoa izan behar da, espeziea ugaltzeko bitartekoa, tresna, medioa, baliabidea. Horrela, ez dute onartzen sexu harremanek pertsonen arteko komunikazioa helburu izatea, edo elkarri plazera emateko bidea izatea, edo poza eta gozamena sortzekoa. Ez: seme-alabak izateko bitartekoa, besterik ez. Sexua zikina delakoan daude, bekatuaren ontzia. Emakume eta gizonen arteko berdintasunaz zer pentsatzen duten argi utzi dute, orain gutxi, emakumezkoei ezkontzeko eta menpeko izateko aginduz.

Pablo Tarsokoaren eta Agustin Hiponakoaren usteak daude kontzepzio horien oinarrian. Bi gizon horien iritziz, haragiak bekatari bihurtzen du gizakia, haragiaren irrikak bekatu-iturri dira. Ildo horretatik, mendeetan Eliza Katolikoak sexuarekin lotutako guztia kondenatu du. Esan barik doa haragia eta emakumea gauza bera direla ikuspuntu horrentzat.

Hala ere, esan behar da katolikoek zilegi dutela euren sinesmenen arabera bizitzea. Abstinentziari heldu ahal diote, lasai ederrean. Gainontzekook hori errespetatu egingo dugu guztiz. Baina gizarte demokratiko eta plural batek delitua eta bekatua bereizi behar ditu. Eta hain kezkatuta badaude abortuarekin, «hilketa» (sic) delakoan, nahi gabeko haurdunaldien kopurua murrizteko jo eta ke lanean ikusi beharko genituzke aurrerantzean abortuaren kontrakoak, heziketa eta informazio sexuala bazter guztietatik zabaltzen.

Baina azken hori desira guztiz alferrikoa dela jakinda, oraindik inork pentsatu dezake eskuma katolikoa abortatzeko eskubidearen kontra dagoela bizitzaren izenean? Edo, enbrioi eta fetutik kanpo, bizitzaz arduratzen dela? Edo bekatuaren eta delituaren arteko bereizketa onartzen duela? Benetan pentsatzen du inork, edozein zentzutan, demokraziaren aldekoak direla integrista horiek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.