Larrepetit

Zaintzailea

Castillo Suarez.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Duela 50 urte ezkondu zirenean, senarrarekin batera zahartuko zela irudikatzen zuen. Inondik ere ez zuen pentsatzen, ordea, bere senarrarendako ezezagun bihurtuko zela, eta ez zuela aukerarik izango hitzen bidez komunikatzeko. Izan ere, bizitza goitik behera aldatu zitzaion senarrari hitzak ezpainetara etorri ez, medikutara eraman, eta buruko gaitz degeneratibo bat diagnostikatu ziotenean. Ordura arte gizon neurriduna eta hitz gutxikoa zena, oroitzapenak galtzen hasi zen, baina, aldi berean, txeratsu eta amultsu bilakatu zen. Eskutik heltzen zion maiz eta zeinen polita zauden esaten zion edozeinen aurrean, emaztea lotsagorrituz. Gero eta maiteminduago zegoela sentitzen zuen, parean zuena gero eta ezezaguna izanagatik.

Hasieran, haserretu egiten zen gauzekin ez zenean akordatzen eta hamaika ariketa egitera behartzen zuen ahaztutakoa berreskura zezan, Alferrik. Senarra inoiz ez zela lehen bezalakoa izango jabetu zenean harekin toki guztietara joaten hasi zen. Jaka berria janzten zion kalera ateratzen ziren aldiro arropa aldatzeagatik haserretzen zen arren. Beti saiatzen da dotore egon dadin, nahiz eta etxetik ateratzeko asmorik izan ez.

Negarrez pasatu zuen arratsalde osoa haien betiko ohea kendu eta ohe egokitu bat jarri behar izan ziotenean. Berak ohe txiki batean egiten du lo harrezkero, haren ondoan. Ez du pentsatu egin nahi ere egunen batean ezin izango duela berak bakarrik senarraz arduratu. Badaki gaixo batzuk oldarkor jartzen direla denborarekin, baina ez du egoitza batera eraman nahi inondik ere. Berak zaindu nahi luke azken hatseraino.

Jende askok galdetzen dio senarragatik, baina askoz ere gutxiago dira galdetzera ausartu direnak zer moduz dagoen bera; zer den bat-batean zahartzea, nekatuta sentitzea. Zer den gaixo bati lotua egotea gau eta egun. Zer den zeure buruaz ahaztea. Baina ez dio bere buruari ametitzen gauza horiei buruz pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.