Larrepetit

Bueltan

Castillo Suarez.
2011ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Txinatarren denda batera joan nintzen lehengoan. Harritu ninduen bezero batzuekin ari zirelako hizketan, lasai ederrean. Izan ere, normalean hitz gutxikoak izaten dira eta, agurraz eta prezioaz haratago, gauza gutxi esaten dituzte. Elkarrizketa aditzen egon nintzen kola poto bat bilatzen nuen bitartean.

Solaskideak Ekuadorrekoak ziren eta herrira bueltatzeaz ari ziren hizketan. Hainbat urte haien herrialdera ezin bueltatu igaro eta gero, ez baitzeuden legezko egoera batean, orain Espainiako Gobernua bera izan da «gonbita» egin diena beren herrialdera bueltatu daitezen eta langabezia-saria dena batera hartzea eskaini die. Hipotekarik ez balute bueltatuko liratekeela esaten zuten. Gogorra dela hemen bizitzea. Uste izan zuten baino askoz ere gogorragoa.

Ez dira etorkin guztiak egoera larri batean zeudelako etorri. Hainbatek lana zeukaten, haien ikasketei lotutakoa, eta horietako batzuk erakunde publikoren batean ari ziren lanean. Alabaina, Espainiako Estatuan etorkizuna oparoa izanen zutela zabaldu zen eta hona etorri ziren beren egoera hobetzeko. Errealitatea, hala ere, urrun zegoen oso amestutakoaz. Horrela, medikuak zirenak etxeak garbitzen hasi ziren eta irakasleak zaharrak zaintzen. Baina gero eta zailagoa ikusten dute beren lehengo estatusa berreskuratzea. Ia ezinezkoa.

Emakumeak hitz egiten zuen batez ere. Kexu zen bere familiaz. Hamabi urteko ilobak ordenagailua erostea eskatu dio eta bere anaiak motorra erosteko dirua. «Ez dira jabetzen zenbat kostatzen den dirua irabaztea» esan du, arranguraz «dirutan igerian egiten dutela uste dute». Ez du garbi hitz egin, baina etxea galtzeko arriskuan daudela ondorioztatu dut. Etxera ez dutela dirurik bidaliko gauzek ez badute hobera egiten. Autoa saldu behar izan dutela.

Dendatik atera naiz eta han utzi ditu, hizketan. Txinatarrek ezer gutxi esan dute, egia esan. Ondoko lokala erosi eta denda zabalduko dutela zabaldu da herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.