Larrepetit

Durduzaz eta dardaraz

Castillo Suarez.
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Durduzaz eta dardaraz. Horrelaxe aurkeztu behar zitzaizkion menpekoak Japoniako enperadoreari. Izen bereko eleberri ikaragarria —eta, esaten dutenez, autobiografikoa— idatzi zuen Amélie Nothomek duela zenbait urte Japonian lanean aritu zeneko esperientziari buruz. Eleberriak neska belgikar baten istorioa kontatzen du, multinazional japoniar batean hasten dena lanean. Japonian oso hierarkizatua omen daude lantokiak eta, oro har, gizartea.

Neskari era guztietako lan zentzugabeak eta umiliagarriak agintzen dizkiote bere nagusiek: kafeak eta infusioak zerbitzatzea gainean dituen nagusi mordoari, inork irakurriko ez dituen gutunak idaztea, inork begiratuko ez dien fotokopiak banan-banan egitea irensgailua erabili gabe... Une batean, japoniera ez ulertzeko ere agintzen diote, kafea zerbitzatzerakoan hizkuntza horretan ezin hobeki moldatzen dela aditzera eman zuelako behin eta hura iraintzat hartu zutelako bere ugazabek.

Irainak bata bestearen atzetik heldu dira, eta kontratuaren zati-rik handiena gizonezko zein emakumezkoen komunak garbitzen eta paperaz hornitzen edukitzen dute. Nolanahi ere, Améliek ez zuen dimititu eta eutsi egin zion kontratua bete arte. Amore ematea lotsagarria litzateke japoniarrentzat eta bere buruarentzat ere.

Finean, lantokiak gure gizartearen isla besterik ez dira eta ugariak dira: zurrumurru faltsuak, errietak ingurukoen aurrean, jarrera despotikoak, diskriminazioak... Dena den, nire ustez, lantoki batean egin daitekeen zigorrik handiena, alferrikako lanak edota esker txarrekoak egitea baino areago, ezer ez agintzea da, eta langile batek orduak eta orduak ematea bulego batean eginkizunik eta ardurarik gabe. Izan ere, zigor bat esplizitua edo agerikoa denean, Amélieri egiten zizkiotenak bezalakoa, norberak erabaki dezake barre egin, ez egin, edo sufritzea. Gogorragoa da, ordea, ezerez mozorrotuari aurre egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.