Larrepetit

Etxe berri bat

Castillo Suarez.
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Azkenean, erabakia hartu du. Gazte denboran izan zuen nobio batekin harremana berreskuratu arte ez da ausartu urratsa egin eta senarrari dibortzioa eskatzera. Senarrak uste baino hobeki hartu du aurrea hartu izana, horrela ez diolako berak eskatu behar izan, eta biktimarena egin dezake lagun eta etxekoen aurrean. Bakarrik sentitzen denean berarekin mendira joan daitezen eskatu eta, haiek, errukiz, onartu, nahiz eta gogorik izan ez.

Hurrengo urratsa izan da etxe berri bat bilatzen hastea. Senarra kisusgilea da eta ez du lan handiegirik azkenaldian. Etxean geratzea eskaini dio errudun sentitzen delako hein batean. Emakumea lanbidez administraria da, eta udaletxean lan egiten du aspaldi. Errazagoa izango zaio mailegua eskuratzea.

Banketxera joan eta, espero bezala, ez diote eragozpen handiegirik jarri maileguarekin. Funtzionarioa da eta, gainera, izeba batek herentzian utzitako etxetxo bat dauka Zarautzen. Nomina helbideratu eta aseguru guztiak haiekin kontratatu beharko lituzke, hori bai. Hasperen egin du banketxetik ateratzerakoan.

Handik bi astera banketxetik deitu diote berriro. Oraindik erabakirik hartu ez duela erantzutera doanean, banketxeko zuzendariak hitza hartu eta eskaintza bat egin dio: utzarazpen bat dela-eta, banketxeak bere egin duen etxe bat eskaini dio, orain bizi den kalean bertan.

Udaletxean dago eta erroldan begiratu du nor bizi den etxe horretan jakiteko. Ezagutzen duen familia bat, seme alabak bere eskola berean dituena. Haur horien etxean egon dira bereak, noizbait, urtebetetzeren batean-edo.

Ez daki eskaintza onartu ala ez. Erdi prezioan saltzen diote etxea, baina beste norbaiten etxean bizitzea bezalakoa litzateke. Deserosoa. Lankideei disimuluan galdetu eta jakin du familia hori aitona-amonen etxera joan dela bizitzera, langile auzo bateko pisu txiki batera. Bizitza berri bat beste batzuenaren hondakinen gainean hastea bezalakoa litzateke, baina eskaintza ona da dirua kontutan hartuta. Oso ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.