Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Ziklotimikoak

2012ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Zer bide egiten duten konbertsazioek. Ziklotimikoa-k zer esan nahi duen bila dabil, ikusi duelako film bateko errege protagonista hala definitzen dutela. Sarean denetik topa liteke. Esanahietatik erremedioetara.

«Ziklotimikoa» esan du, aho txikiz, beretzat bezala. Eta albokoa akordatu da orain urte asko ziklotimikoa zela esan ziotela. Aldakorra. Umore aldakorrekoa. Pozetik tristurara eta alderantziz, haizea bezain azkar aldatzen dena. Eta beharbada horregatik lotu izan du hitza beti eguraldiarekin. Eguraldia nolako, umorea halako?

Baina hitzak ez du eguraldi aldaketekin zerikusirik. Umore aldaketek bai, ordea, jarraitu du parekoak. Baduela berak lagun bat halakoxea. Ziklotimiko totala, eguraldiaren araberakoa. Nahikoa duela goizean eguraldi lainotsua ikustea egun osoa burumakur egiteko eta eguzki printza batek euforia neurrigabera eramaten duela. Eguraldiaren eraginaz, ondorengo saioa: baietz, eragiten digula umorean, uste baino gehiago, garai batean baino gehiago edo nahi baino gehiago (denetik, iritzien artean).

Aitorpenik ederrena, estudiante garaian kanporako leihorik ez zuen etxe batean bizi zen lagunarena. Kalera irten arte jakiteko modurik ez omen zuten eguzkiak dena argitzen zuen edota lainaje itxiak hartuak ote zituen kaleak. «Garai hartan ni umorerik gabe bezala jeikitzen nintzen. Atarian jazten nuen egunari zegokion umorea».

Gero erantsi du beti erantsi behar izaten duenak eguraldia dela gutxienekoa. Argitasuna edo iluntasuna dela umorean gorabeherak eragiten dituena. Handik aurrera, sesioa.

Ez dakit nola deitzen zaien pertsona horiei. Konbersazioa edozein dela ere, ezin jarraitu. Zehaztu egin behar beti. Erantsi beharrean, desegin. Hitz erdi esatea basta ingurukoak ziklotimiko sentiarazteko. Pertsona horiek eragin handiagoa dute edonoren umore aldaketetan edozein eguraldi klasek baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.