Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Akabo

2012ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Eman dezagun lau egun geratzen direla. Zaizkigula. Bost gaurkoarekin. Sei, zehaztu ez duten akabera ordua gure egunaren amaierarekin egokituz gero. Ez da asko, baina izan liteke bestela ere geratzen zaiguna baino gehiago. Eta deigarria da beldur kolektiboak munduan bazter batetik bestera barreiatzea; denok aldi berean ezerez bihurtuko garela entzute hutsarekin, jakinik dakigun bezala, munduaren amaierak ezer gutxi kezkatuko gaituela iritsi baino lehen amaitzen bada gure mundu propioa. Lehenago hilez gero, alegia, gauzak argi esate aldera. Orain, bizi garen bitartean, izan gaitezke politikoki politak eta errepikatu ingurukoak aspertzeraino; gureak, barkatu, nireak egiten duenean ere desio diodala munduari etorkizun ederra. Nahi dudala maite ditudanek bizitzaz gozatzen jarraitzea; ez diedala desio mundurik gabe geratzea. Baina hori orain, bizi naizen bitartean. Munduak baino lehen bukatzen badut, badakit kezkak ere nirekin amaituko direla. Eta beldurrak. Pertsonalak eta taldekoak. Denak.

Beti etortzen zait gogora emazteak minbizia izan eta gero medikuaren esana txokatuta hartu zuen senarrarena. Esan zion semeak medikuak argi utzi ziela ikusi batera larriena pasea izan arren urte batzuetara berritu egingo zitzaiola amari gaitza. Aitak serio: «urte batzuetara?». «Bai», semeak. «Ondo biziko da hamar, hamabi edo hamabost urtez, baina gero, berriro...». Aitak ahoa okertuta erantzun zion: «hamar-hamabost urtez ondo biziko dela? Nik baino gehiago daki mediku horrek! Nik ez dakit bihar bizirik egongo ote naizen!».

Oso polita da munduaren akaberaz eta horrelako kontuez hizketan denbora galtzea, eta filosofia merkeak egitea, konturatu gabe, adibidez, edozein zoro sar litekeela armatuta eskola batean, gehien maite duzun mundua txikitzera.

Eta negargarria, horri hain erraza dirudien erremedioa ez jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.