Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Minetik

2013ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Jaime Otamendi laguna dut. Jolasean aritzeko adinean irratilaritzan elkartu ginenetik. Zorrotza da lanean. Ere. Bere buruarekin eta besteekin. Gutxik hausnartuko du lanaz eta lanbideaz berak adina. Egunero. Etsi gabe.Aurretik, bitartean eta ondoren. Sinisten du komunikazioaren ahalmenean eta praktikatzen du. Lanean eta lanetik kanpo.

Laguna dut Jaime. Lagun mina. Baina minetik ari naiz lagunetik baino. Ez balitz ere, min emango lidake informazioa ahalik eta zintzoen, serioen eta erakargarrien lantzeko saiakera egunero egin duen edonor erakusleiho publikoan iraindua ikusteak. Iraina da urtetako lan-ibilbidean egiteko era bat honestidadez defendatu eta landu duenari egiteko era horregatik ardurak hartzeko eskatu eta, behin politiko jakin bati galdera deserosoak egin izana aitzakia bezala erabiltzea publikoki, ardura horietarako ezgai jotzeko. Politikaren izenean. Egoki jo zutenek erakusleiho bertsuetan mutu geratzea bezain.

Politikaren joko-arauak omen. Hala entzun diot bakarren bati. Joko-araua da arduradun baten aldeko apustua egitea. Joko zikina da politikoei erantzun nahi dituzten galderak bakarrik egingo dizkieten kazetariak nahi izatea. Politikoak ez dira komunikabide publikoen jabe. Komunikabide publiko batean aritzeak ez gaitu politikoen agindutara makurtu behar. Ez beste inorenera. Galdetzea gure ardura nagusia da, gure eginkizuna, gure eginbeharra,gure erantzukizuna. Gustatu edo ez.

EspaƱan bizitzearen albo-kaltea. Normaltzat jotzen da zurrumurruz mozorrotutako zentsura.

Mina baretuko da. Jaimeren entzuleek eskertuko dute gonbidatua, izan politiko edo ez, estu hartzeko joera.

Zutabea nik sinatu dut. Esan didatelako dakit, ordea, lanbide honekin ditudan lotura guztietan zutabe ezinbesteko ditudan Tere Belokik eta Nekane PeƱagarikanok ere sinatzen dituztela hitz hauek guztiak. Minetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.