Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Letra txikia

2013ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ez da erraza letra txikiairakurtzea. Eta behingoagatik ez naiz ari nire adin modukoen ezintasun fisikoaz. Letra txikia ez da irakurtzen erraza, batzutan, interesak interes, presbizia zer den ez dakienarentzat ere begientzat ikusezin egiten dutelako, eta bestetan, aurreko letra handiek itsutzen gaituztelako. (Txiki eta handi oso erlatiboak dira eta elkarren osagarri: handiak txiki bihurtzen du albokoa, eta alderantziz).

Hiru mutil bidali dituzte Saudi Arabiatik ederregiak izateagatik. Jaialdi batean gertatu omen da. Saudiarabiar folklorea zen erakusgai. Han, hiru gazte lerden, bertako polizia erlijiosoaren parametroen arabera segailegiak saudiarabiar emakumeen begietarako. Arriskutsu. Emakumeen morala kaltetzeko adinakoak. Eta kanpora. Abu Dhabira, beren herrira, emakumeak aztoratu baino lehen. Bizioaren aurkako komisioak zorrotz egiten du lan Saudi Arabian, antza. Bista da bizioarentzat lehendabiziko amu.

Mendebaldeko komunikabideetan (sare sozialetan zer esanik ez), umore kutsuz kontatu dute albistea. Txiste errazak eginez. Ederregia izatea arazo izan litekeela, mutil guaporik ez dutela nahi saudiarabiarrek, abisua pasatu beharko zaiola zenbaiti... Irakurketa sakonak, betiere.

Letra txikiaren bila ibili ezkero topatuko duzu egun parea lehenago jaialdi berean, bizioaren aurkako komisio horretako kide bat bota zutela bertako zaindariek haruntza joana zen emakume kantari batengana hurbiltzeagatik. Ez da erraza gehiago jakitea. Ez dakigu hurbilketa horretan ze bizio klase praktikatu nahi ote zuen. Erraza da, hala ere, bi gertakizunen arteko lotura egitea. Besteen bizioak zaintzeko ardura duen gizona saia liteke bekatu egiten. Badaki zer den. Horregatik arduratzen da zaintzapeko emakumeek biziorako pentsamendurik ere izan ez dezaten.

Zaila da letra txikia irakurtzen. Idatzi gabekoa irakurtzea, oraindik zailago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.