Larrepetit

Outlet

Castillo Suarez.
2011ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Duela lau urte, ezker abertzalea legez kanpo zegoenean, Nafarroako «notableen» artean NaBai zela aukera bakarra zabaldu zen. Handik eta hemendik jaso genituen gonbitak NaBairen alde agertzeko, bestelako aukerarik egongo ez balitz bezala. Ezker abertzaleari bozka (baliogabea) ematea alferrik zen, nonbait. Jende itxiaren kontu bat. Maximalistena, nahi baduzu.

Hainbatek, ordura arte ezker abertzaletik gertuago zeudenak «enborrekoak» izan gabe, NaBairen alde egiteko hautua taktikoa zela azaldu zuten konfiantza giroan galdetu zitzaienean, egoerak eskatutako erantzun berehalako bat. Batzuek ez dute hor jarraitzen. Bakarren batzuk bai eta badut ikaragarrizko jakin-mina ezagutzeko zer iritzi duten Bilduren fenomenoari buruz, koalizio arrunt bat baino haratago iritsi baita bere ibilbide motzean.

Duela lau urte, gure herrietan fenomeno bitxia gertatu zen. NaBaiko zerrendetan ezker abertzalekoak ez ziren era guztietako hautagaiak bildu ziren, ibilbide, iritzi eta alderdi ezberdinetakoak. Lau urte hauetan praktikak erakutsi digu adostasun eza edo desadostasun nabarmenak izan direla zerrenda horietan, eta hainbat arazori ezin izan diotela behar bezala heldu. Kalapita nabarmenak sortu dira behin baino gehiagotan.

Alabaina, hauteskunde hauetako zerrendak begiratuta, ikaragarri jaitsi da «independenteen» kopurua, areago independente gisa izendatu dituzten Hamaikabat-ekoak kentzen baditugu. Ezker abertzaleko zerrendak ere nabarmen aldatu dira, egoerak behartuta. Maiz gazte jendea da zerrendetakoa, eta, hortaz, esperientziarik gabea. Hori galga bat da herri askotan, nahigo dugulako urtetan aritu den hautetsia, hala-moduzkoa izanagatik,gazte bati botoa ematea baino.

Ilusioa barreiatu da han eta hemen. Baina ez gaitezen inozoak izan: saldo bat dira ezin izan direnak aurkeztu; egoera honetara iristeko lan eskerga egin duten asko espetxean daude; beste batzuk, isilpean bada ere, galdera hau egiten dute: orain Maiorgari bozkatu behar al diogu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.