Larrepetit

Erosi

Castillo Suarez.
2011ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
ADSL zerbitzuarengatik 70 euro baino gehiago ordaintzen ditudala hilean esaten dudanean lotsagarri geratzen naiz inguruko gehienek —guztiek ez esateagatik— gutxiago ordaintzen dutelako, edo, bederen, gutxiago ordaintzen dutela esaten dutelako. Gaur egun guaia dena da gauzak erostea benetan balio dutena baino merkeago. Jaka bat erostea 50 eurotan duala bi hilabete 120 balio zuenean. Garai batean lotsatu egiten ginen arropa mukuru bat ikusten genuenean merkealdietan, eta urrutitik begiratzen genuen, bat-batean barenetik gremlin bat atera beharko balitzaigu bezala. Lotsa ematen zigun gure hozkailuan Dia %- eta Lidelen erositako jogurtak izateak txarragoak zirelakoan. Egun, ordea, ongi ikusia dagoena da Privalian erostea edo Las Rozaseko outletean. Hanpatu egiten gara ikaragarrizko mauka erosten dugunean —edo, hobeki esan, erosi duguna mauka dela uste dugunean, ez baita gauza bera izatea edo uste izatea—. Horrelakoetan hobe da ez pentsatzean zenbatetan ekoizten den janzten dugun arropa, %50etik gorako deskonta eginda ere, enpresek dirua irabazten dutenean. Zenbat langile esplotatuak izan diren; zenbat haur.

Badirudi gure erosteko ohiturak aldatzen ari direla. Garai batean 50 xanpu mota aurkitzen genituen gure herriko supermerkatuan, baina ematen du gure egungo joera dela gauza oinarrizkoagoak erostea—ez da kasualitatea Eroskik Basic marka sortu izana— eta nahiago dugula aukera murritzagoa izatea. Nik abilezia handia daukat okerreko xanpua erosteko, eta arruntaren ordez zahiaren kontrakoarekin joaten naiz etxera, edo gizonezkoendako den batekin… Aitortzen dut ez dakidala erosten, nerbiostu egiten nautela supermerkatuetako apal luzeek. Garbi dago gero eta gehiago erreparatzen diogula zenbatean erosten ditugun gauzak, baina ez zer den erosten duguna. Nola izan den ekoiztuta, alegia. Nola dagoen bildua. Zer den bilgarria eta zer produktua.Zenbat bilgarri ari garen ordaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.