Arantxa Iturbe.
Larrepetit

'Amour'

2013ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Kontatu dit Maitasunaz. Hasten dela. Gero. Hurrengo minututan. Gaixotu egiten dela emaztea. Piano-jolea. Kontatu dit gaitzaren lehendabiziko zantzuez eta nola gaitza zenbat eta ageriago emakumea gero eta ezkutatuago. Eta senarra izandako zaintzailearen etsipenaz. Eta ezinaz. Eta emakumeak, emazte izatetik gaixo izatera pasatu aurretik egindako eskariaz. Kontatu dit minaz, minez. Maitea izandakoa beste zerbait bihurtzen denean sentitzen den oinazeaz. Biziezinaz. Amorrua eta errukia aldi berean sentitzeaz edo erruak duen pisuaz. Kontatu dit detailez detaileez. Zabalik utzitako iturriez-eta. Zaplaztekoaz-eta. Zabaldutako leihoez eta itxitako ateez-eta. Eta emozionatu da isiluneak hitzetan jartzerakoan. Esan gabe geratzen denak esaten duen guziaz. Musikak duen presentzia naturalaz, musikari eta musikazale izandakoaren etxean. Eta etxeak duen soinuaz. Kontatu dit bikotearen munduan sartu-irtenak egiten dituztenez. Bisitan. Alabak esaten dio aitari. Eta aitak. Enkarguak. Atezainak esaten dio senarrari. Eskerrik asko. Eta azkenean. Baina.

Hanekeren beste pelikula batek loa galarazi zidan egun batzuz. Ezin jasan izan nuen biolentzia-jolas burugabe hura. Dibertitzeko biolentzia muturreraino eraman behar hura. Hain hain. Mingarriegia.

Zinera joan gabe lapurtu zidan loa Funny Games-ek. Zinera joan gabe hunkitu nau Amour-ek.

Gustatuko zaidala. Bai. Eta amaiera? Ez didala kontatuko. Kontatzeko, nik. Ezetz. Jakin egin nahi dudala. Beharbada joango naizela oraindik ikustera. Bukaera kontatzen badit... Baietz, nik. Beharbada joango naizela bigarrenez ikustera, baina nolanahi ere, kontatzeko. Amaierak garrantzitsuak direla.Azkenean. Eta hala. Orduan. Akabo. Baina.

Osorik ikusi dut. Maitasunez, pasioz kontatutakoa ikusi egiten da. Eta hala ere, beharbada joango naiz zinera. Maitasunaren isiluneak entzutera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.