Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Herri bat

2013ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Nagusia eta langilea, patronala eta sindikatuak, funtzionarioa eta langabea elkarrekin. Eskuina eta ezkerra alboan, euskaldun abertzalea eta frantses nazionalista eskuz esku, AHTaren aurkakoak eta aldekoak, gazte eta zahar, homosexualen ezkontzen kontrako eta aldekoak, euskaltzalea, kultur eragilea, herritar soila. Munduko beste inongo xokotan ez bezala, denek bat eginen dugu bihar Baionako karriketan.

Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa. Garat, Xaho, Abadia, Legasse, Agirre eta Monzonen bidetik, herri oso bat elkarren ondoan ibilikoda lurralde kolektibitate baten alde.

Turistek janzten duten txapel berde bat baino gehiago garelako, mendi miresgarri eta hondartza ederrez gain, txistu, atabal, dantza, gasna eta piperren artetik, karta postaleko irudiaz haraindi, kultura, hizkuntza eta herri baten parte garelako. Herri oso bat ezagupen baten eske. Herri oso bat, mapetan inoiz ez delako existitu eta egunkarietatik delako desagertu. Eguzkia eskas izanik ere, urteetan landatutako landareak kimua ekarri du, eta biharko berotasunetik da loratuko.

Parisek begiratuko du, baina ez du ikusiko. Adituko du, baina ez du entzunen. Baina sendi dezala herri oso baten martxa ez duela geldituko. Ez dadila euria izan, uholdea baizik.

Asko baitago jokoan eta urrats erabakigarriak lehenbailehen behar baitira. Heldu den hamar urteetan biztanleria %10 emendatuko baita Frantziatik jindakoekin, eta Ipar Euskal Herria oraino gehiago desitxuratuko duen hauteskunde sistema aldatzeko bezperan baikara.

Koldo Mitxelenak zioen gisan, euskararen egiazko misterioa ez baita jatorria, iraupena baizik. Gure herriaren gakoa irautea baita, atea, aldiz, berezko instituzioa. Eta Jose Anton Artzek errana moldatuz, izan direlako baikara eta izaten bagara izanen baitira. Euskal Herria ez dadin Bidasotik Argara mugatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.