Mendia. Open Altitoy Ternua

Pirinioetako lasterketa zuria

Mendiko eskiatzaileak zain zeuden, eta iritsi zen azkenean. Otsaileko lehen asteburuan jokatu da Open Altitoy Ternua, Pirinioetako mendiko eski lasterketa alpino eta herrikoiena.

Mendiko eski lasterketa bi egunetan jokatu zen, joan den asteburuan. JORGE GARCIA DIHINX.
Luz Saint Sauver
2013ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Frantzian, Pirinio Garaietan dago Luz Saint Sauver. Neguan eskiatzaileen topaleku izan ohi da herri txiki hau. Otsaileko lehen asteburuan Open Altitoy Ternua mendiko eski lasterketa jokatu da han.

Altitoy lasterketa Europako Grande Course zirkuituan sartu da aurten. Zirkuituko lehen proba izan da, eta horregatik, nazioarteko hainbat behatzailek gertu-gertutik aztertu dute lasterketa. 2015ean Europako Zirkuituan sartzea egon da jokoan. Horrenbestez, urteroko arrakastari nazioarteko lehiarena batu zaio aurten.

Killian Jornet katalana zen faborito nagusia, baina azken orduan kale egin zuen korrikalariak. Hala ere, William Bon Mardion, Matheo Jacquemoud, Mireia Miro... izen handiak bildu ziren irteera puntuan, eta ikusmina ziurtatuta zegoen. 500 bat lagunek eman zuten izena, tartean makina bat euskaldunek ere bai.

Bi ibilbide eta bi eguneko saioa izan dute korrikalariek. Ibilbide nagusian, 2.000 metrotik gorako desnibela bi egunetan. Bigarren ibilbidean, berriz, 1.500 metro ingurukoa. Lasterketak Midi du Bigorre gailur ikusgarria izan behar zuen helmuga lehen egunean, baina eguraldiak lasterketaren ibilbidea aldarazi zuen. Hala ere, Pirinio Garaien ederra baliatuta, malda pikoak, ertz ikusgarriak eta jaitsiera bertikalak ez dira faltatu aurten ere.

Larunbata beltz esnatu zen Luz Saint Sauverren. Irteera ordua 08:30ean izanagatik, antolatzaileentzat gauak luze jo zuen. Goizaldean atera ziren bide-urratzaileak ibilbidea markatzera. Lasterketa hasi baino lau bat ordu lehenago elurra mara-mara, elur-jausi arrisku ia gorena, haize gogorra eta ikuspen kaskarra. Azkenean, eguraldi makurrak ibilbidea aldatzera behartu zituen antolatzaileak. Zalantzak zalantza, aurreikusitako orduan, 08:30ean eman zuten irteera tiroa azkenean. Betpouey herrian hasi eta Baregesen amaitu zen lasterketa lehen egunean. 16 kilometroko ibilbidea, 2.170 metroko desnibela, eta tartean bi igoera piko eta jaitsiera tekniko bat. Ia ezer ez.

Aurreikuspenek bete-betean asmatu zuten eta faboritoak izan dira protagonista asteburu osoan. Lehen egunean lehia estua izan zen gizonezkoetan. William Bon Mardion eta Matheo Jacquemoud frantsesak hasieratik jarri ziren buru-buruan, baina Damiano Lenzi eta Matteo Eydallin italiarrek estu hartu zituzten. Azken igoeran, 200 metro falta zirela, frantsesek atzean utzi zuten talde italiarra eta jaitsieran aldeari eutsita, bakarrik sartu ziren helmugan, 2 ordu eta 9 segundoko lana egin ostean. Azkenean italiarrak bigarren izan ziren, minutu pasatxo geroago helmugaratuta. Horiek horrela, igandeko proba erabakigarria izango zen bi bikote handientzat.

Emakumezkoetan ere ezustekorik ez lehen saioan: Mireia Miro katalanak eta Laetitia Roux frantsesak ez zuten kontrariorik izan. 2 ordu eta 40 minutuko saioa egin zuten, eta bigarren sailkatuei 10 minutuko tartea atera zieten, gainera.

Igandean ekaitzaren osteko barealdia iritsi zen Luzera. Zerua urdin esnatu zen, elur aproposa eskiatzeko eta nerbioak pil-pilean eskiatzaileen artean. Herriko plazatik, Saint Clement bertatik atera ziren 09:30ean. Bi igoera handi zituzten aurretik, 1.700 metroko desnibela osatzeko. Bergons gailurra zen puntu gorena. Ertzetik iritsi ziren bertara eskiatzaileak eta tontorrean zain zituzten zaleen animoak jasota, beherako bidea hasi zuten. Errepide sigi-sagatsua marraztuz, jaitsiera ikusgarria egin zuten.

Larunbatean bezalatsu igandean ere Matheo Jaquemoud eta William Bon Mardion frantsesak izan ziren nagusi. Hasieratik lasterketa buruan jarri eta bakarrik egin zuten ia ibilbide osoa. Lehen maldetan aurrea hartu, eta bi jaitsieretan tartea handitu besterik ez zuten egin. Ordubete eta 34 minuturen buruan helmugan ziren eta 6. Altitoy poltsikoratu zuten. Hiru minutura iritsi zen bigarren bikotea. Italiarrek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Emakumezkoetan ere, larunbateko emaitza berretsi egin zen. Miro eta Roux aise nagusitu zitzaizkien gainerako arerio guztiei. Helmugan sei minutuko tartea atera zieten Silvia Roca eta Francesca Martinelli txapeldunordeei.

Matheo Jacquemouden poza agerikoa zen bukaeran: «Oso pozik gaude, oso ondo pasatu dugu bi egun hauetan. Lau egun hauetan hobeto esanda, laugarren eguna baitugu guk hemen eskiatzen. Larunbateko saioan, basoan lortu genuen diferentzia egitea, gero jaitsiera ona egin genuen, baina egia da aurreko jaitsieretan denbora jan zigutela italiarrek. Zailtasunak izan genituen eguraldiarekin eta ibilbidearen arrastoekin ere. Kosta egin zitzaigun bigarrenak atzean uztea. Igandeko saioan, ordea, bai, konfiantza handiarekin atera gara, lan ona egin dugu, eta oso gustura gaude emaitzarekin».

Mireia Miro ere pozik zegoen: «Larunbatean oso eguraldi txarra izan genuen, eta antolatzaileek lan handia egin dute probari eusteko. Igandean, berriz, eguraldi aparta izan dugu eta asko gozatu dugu. Laeititia eta biok eroso joan gara, lasterketa kontrolatzen. Ez genituen indar guztiak akitu nahi, datorren asteburuan Munduko Txapelketa daukagulako zain. Asko gozatu dugu, baina, hala ere, buruari bere lekuan eusten saiatu gara, akats txikiena garesti ordaintzen baita halako proba gogorretan. Oso ongi hasi dugu denboraldia, eta ea aurrerantzean eusten diogun».

Euskal herritar ugari

Altitoy proba nazioartera zabaltzen ari da, baina sortzaile euskaldunak ditu, eta hasiera-hasieratik bezala, egun ere, euskaldun askorentzat lasterketa garrantzitsuena da mendi eskiko egutegian. Andoni Areizagak galtza bete lan izan du, bai asteburuan, eta bai urte osoan. Altitoy Grande Course zirkuitu ospetsuan sartzea erronka handia izan da, baina emaitza ere tamainakoa: Altitoy proba handien pare dagoela erakutsi du. «Grande Coursen egoteak munduko zirkuitu onenean sartzea dakar. Pierra Menta, Glaziarretako Patruila eta Mezzalamaren pare egotea. Pirinioetako lasterketa bat zirkuitu honetan sartzea oso interesgarria da. Lana gogotik egin behar izan dugu eta gastua ere ikaragarri handitu da aurten. Altitoy Ternuak sei urte bete ditu, asko daukagu hobetzeko, baina ilusiorik ez zaigu falta eta datorren urtean ere hemen izango gara, ahalik eta ikuskizun onena ematen saiatzeko».

Euskara erruz entzun da Altitoy proba entzutetsuan aurten, eta euskal eskiatzaileek maila ona eman dute. Sufrituta baina Iñigo Lariz elgoibartarrak eta Mikel Navarro urretxuarrak lehen bikote euskaldunaren ohorea lortu dute. Emakumezkoetan, Izaskun Zubizarretak ez zuen hutsik egin. Hirugarren sailkapen nagusian eta lehen postua euskal emakumeen zerrendan. Lesio luze baten ostean, berriz ere lehiara itzulita, pozarren zegoen oiartzuarra: «Oso lasterketa polita izan da, oso menditsua. Hiru igoera egin behar ziren, baina eguraldia dela eta, bi izan dira azkenean, eta penaz geratu gara. Hala ere, oso gustura aritu gara Tina eta biok. Jaitsierak oso alpinoak izan dira, Pierra Menta lasterketako jaitsieren antzekoak. Tina oso trebea da jaisten, eta hark eginiko arrastoan primeran jaitsi naiz. Oro har, asteburu aparta izan da».

Hurrengo hitzordua asteburu honetan bertan izango dute mendiko eskiatzaile handiek, Munduko Kopan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.